Teknologia -
Internet
Sare sozialek aurreneko biktima politikoak eragin dituzte Espainian
Senaturako Menorcako hautagai popular batek eta Madrilgo Udaleko Higikortasun arduradunak kargua galdu dute, Facebooken eta Twitterren adierazpen polemiko egiteagatik.
Erredakzioa
Politikariek beti egin dituzte adierazpen polemikoak, baina XXI. mendean, sare sozialen ondorioz, adierazpen horiek egiteak kalteak ekar ditzake: erabiltzaileek erantzuteko aukera dute, eta istiluak sor daitezke.
Gaur bertan, Espainian, sare sozialen bi "biktima politiko" izan dira: Francisca Polek Senaturako Mallorcako hautagaiak (PP) eta Madrilgo Udaleko Higikortasun arduradunak, Fernando Autranek, kargua galdu dute.
PPko hautagaiak dimisioa aurkeztu du, Facebooken Carme Chacon Defentsa ministroaren argazki polemiko bat eskegi ondoren.
Francisca Polek dimisioa aurkeztea erabaki du, "erantzukizun politikoa" argudiatuz. "Berak hala erabakita" izan da, bere hitzetan, gainerako hautagaiei "kalte" ez egiteko.
Fernando Autranen kasua ezberdina izan da: ez du dimisioa aurkeztu, Alberto Ruiz-Gallardon alkateak kendu du kargutik, Twitterren hainbat politikariren eta Prisa taldearen aurkako iruzkin "iraingarriak" idazteagatik.
Iragan asteleheneko hauteskunde eztabaidari buruz egin zuen iruzkinak alarma guztiak piztu zituen. Rubalcabaren eta Rajoyren arteko debate horri buruz hau idatzi zuen: "El Paisek, bihar, Metroscopia aipatuz, berdinketa teknikoa egon zela argitaratuko du!!! Jajajajaja. Prisa oso-oso gaizki dago. Enplegu Espediente gehiago".
Kasu bietan, sare sozialetan egindako "gehiegikeriek" ondorio latzak ekarri dizkiete eta eztabaida piztu dute: zaindu behar al dituzte egiten dituzten adierazpenak? Profil pribatuak izanda, zentsura onartu beharko lukete? 24 orduz egon behar dira politika lanetan murgilduta?
Musika munduan ere adibide asko ditugu: David Bisbalek eta Alejandro Sanzek ika-mika ugari izan dituzte azkenaldian Interneteko erabiltzaileekin.
Espainiatik kanpo ere, sare sozialek arazo ugari sortu dizkiete politikari askori. Eric Besson Frantziako Industriaren arduradunak "barkamena" eskatu behar izan zuen, Twitterren argitaratutako iruzkin baten ondorioz.
"Etxera heltzean, ohean sartzen naiz. Nekatuta. Zurekin?" iruzkinak iskanbila sortu zuen Interneten, nahiz eta Bessonek argitaratu eta minutu gutxitara ezabatu zuen. Erabiltzaileek informazioa zabaldu zuten, eta Bessonek barkamena eskatu behar izan zuen.