Teknologia -
Kontsumoa Interneten
Deskontu.com, egunero disfrutatzeko eskaintza bat
Prezio merkeago bat lortzeko pertsona askoren artean erostea da webgunearen helburua. Eskaintza kolektiboen atariak Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruña, Logroño eta Zaragoza Deskontu hiriak izendatu ditu.
Amaia Akordagoitia
Interneten prezio merkeena topatzea geroz eta gehiago hedatzen ari den ohitura bat da. Jatetxe batean bazkaltzeko eskaintza bat, SPA batera joateko % 50eko deskontua edo kontzertu baterako sarrera merkeagoak, Deskontu.com atarian topatu daitezkeen aukeretako batzuk besterik ez dira. Deskontu.com webgunearen helburua prezio merkeago bat lortzeko pertsona askoren artean erostea da.
"Duela urte eta erdi AEBetan eskaintza kolektiboen webguneek geroz eta arrakasta gehiago zutela ohartu ginen", esan du Txomin Jauregi Deskontu.com webgunearen sortzaileak. Guztira, hamabi pertsonak lan egiten dute Deskontu.com-en eta egunean 20.000 bisita dituzte eta webgunean 17.000 erabiltzaile erregistratu dira.
Colectivia, Groupon eta Offerum mota berdineko Interneteko atariak dira. Hala ere, Deskontu.com-ek bereizgarri bat du; izan ere, Deskontu hirietako eskaintzak bakarrik biltzen ditu: Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Logroño eta Zaragoza. "Donostiarrak gara eta horregatik hasi ginen hemen. Proiektuak arrakasta zuela ikusi genuenean, beste hiri batzuetara zabaltzen joan ginen, baina era desordenatuan izan da, proposamenak egin dizkiguten heinean", azaldu du Jauregik.
Hori dela eta, tamaina handiko webguneen ondoan, atariaren ezaugarririk garrantzitsuenetako bat "bertakoak eta urrekoak" direla da. "Gertutasuna gure zigilua da. Eskaintzen ari garen merkatua ezagutzen dugu eta gauza bereziagoak eskaini ditzakegu", adierazi du.
Adien guztientzako webgunea
Deskontu.com duela urtebete jarri zuten martxan eta, ordutik, egunean zerbitzu edo produktu bat eskaintzen du webguneak. Erabiltzaileak 24 ordu ditu eguneko eskaintza hori erosteko. Interesa badu eta erosketa egiten badu, helbide elektronikoan hurrengo egunetik aurrera erabili ahalko duen kode bat jasoko du bezeroak. "Enpresak erabakitzen du noiz iraungiko den kode hori", zehaztu du Jauregik.
Jatetxeak eta estetika zentroak arrakasta gehien dutenak izan arren, produktu eta zerbitzu eskaintza zabala dago Deskontu.com-en: "Duela gutxi, adibidez, 10 euroren truke Ataunen eskaini zuten organo kontzertu bat ikusteko sarrerak saldu ditugu. San Tomas egunean txistorra eta sagardoa hartzeko aukera Deskontuk bakarrik ematen dizu".
"Hasieran, Internet gazteentzako zerbitzu bat zela uste genuen, baina amildegi digitala faltsua dela konturatu gara. Helduek ere Internet erabiltzen dutela ikusi dugu, interesatzen zaien zerbait eskainiz gero, erabiltzen dute", esan du Deskontu.com atariko arduradunak.
Deskontu.com-en parte hartu nahi duten enpresek bi baldintza bete behar dituzte: gutxienez % 40ko deskontua eskaini eta Deskonturi komisio bat eman. "Inork ez badu eskaintza erosten, enpresak ez du ezer galtzen", argitu du.
Krisi garai honetan, edozein aukera ona da zertxobait bada ere aurrezteko eta "low cost" zerbitzu horiek Deskontu.com-en eskuratzeko aukera dugu. "Erabiltzailearen esperientzia ez da erosketa egiten duenean amaitzen, disfrutatzen duenean baizik", uste dute atariaren koordinatzaileek.