Teknologia -

Urtarrilaren 12tik aurrera

Edozein hitz erabili ahalko da Interneteko domeinu bat sortzeko

Internet sortu zutenetik, Sareak bizi izan duen aldaketa handienetako bat izango da. Hainbat enpresek neurriak gastuak areagotuko dituela eta iruzurraren arriskua handitu egingo dela esan dute.

Ordenagailu baten teklatua. Argazkia: paginasweben4horascom
Ordenagailu baten teklatua. Argazkia: paginasweben4horascom
Ordenagailu baten teklatua. Argazkia: paginasweben4horascom

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren urtarrilaren 12tik aurrera, erabiltzaileek edozein hitz erabili ahalko dute Sarean domeinu bat sortzeko. Hainbat enpresek neurriarekin ados ez daudela adierazi dute, baina, hala eta guztiz ere, ostegunean martxan jarriko dute.

Gaur egun, .com eta .org bezalako 22 domeinu inguru erabili daitezke. Gainera, herrialdeek .es (Espainiaren kasuan) modukoak erabili ditzakete. Enpresen aburuz, nahikoak dira gaur egun hautatu daitezkeen domeinuak, eta 40 enpresa handik, Coca Cola horien artean, domeinua sortzeko edozein hitz erabili ahal izateak gastuak areagotuko dituela eta iruzurra egiteko arriskua ere handiagoa izango dela ohartarazi dute.

Internet sortu zutenetik Sareak bizi izan duen aldaketarik handiena izango da eta ICANN (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers) erakundeak koordinatuko du. ICANN irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkartea da eta IPak eta lehen mailako domeinuak (gTLD) eta herrialdeetako kodeak (ccTLD) banatzeko ardura du.

1985an .com kaleratu zutenetik, Interneteko arau zorrotzetan egin den azken aldaketa handia da ostegunean iritsiko dena. Iaz, .xxx domeinua sortu zuten helduentzako edukiak eskaintzen zituzten atarientzat. Bederatzi hilabetetan, 250.000 webgune bildu ditu domeinu horrek.

Hala ere, aldaketa berri horrek webgunea nork bere modura jartzeko prozesua beste maila batera eramango du. Horrela, erakunde eta marka askok aukera ona bat ikusi dute neurri berri horretan, baina beste hainbatek identitatearen ordeztea arrisku bat dela uste dute.

Eskakizunak egiteko epea apirilaren 12an amaituko da eta, horren ostean, azterketa prozesuak zortzi hilabete iraungo ditu.

Lehen domeinuak 2013an martxan jarriko dituztela iragarri dute. Bitartean, ICANNk 4.000 aplikazio sortuko direla uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea