Teknologia -
Etorkizuna zalantzan
Seriesyonkis webguneko jabeek enpresa utzi dute
David Martinez eta Jordi Ramargo SeriesYonkiseko fundatzaileek enpresa utzi dute beste proiektu batzuetan jarduteko.
Erredakzioa
Seriesyonkiseko sortzaileek, David Martinezek eta Jordi Tamagok, enpresa utzi dute. Webgune honen enpresako fundatzaileak dira eta komunikabideei bidalitako ohar baten bitartez eman dute jakitera albistea.
"Ez geunden nekatuta eta produktua gustatzen zitzaigun, baina beste erronka batzuk nahi genituen", esan dute.
Oharrean gainera, "mugikorrekin eta gauaren munduarekin lotutako" beste negozio batean lanean hasiko direla diote. "Abentura honek hasieratik erakarri gintuen eta oso etorkizun oparoa duen proiektu baten partaide izateak asko motibatzen gaitu", dio Jordi Tamargok oharrean.
Albiste honek SOPA lege proiektuaren aurka milioika webgunek eta Interneteko atarik "itzalaldia" egin duten egunarekin bat egiten du . Enpresa hau lege berriaren "zerrenda beltzean" egongo litzateke.
Martinezek eta Tamargok Burn Media, S.L. enpresaren bitartez kudeatzen zituzten 2009 urtean sortutako Seriesyonkis eta Peliculasyonkis enpresak. Bartzelonan dute egoitza eta negozioa "erabat legezkoa" dela berretsi dute.
Seriesyonkis Espainiako 21. webgunerik bisitatuena da, Alexa nazioarteko neurgailuaren arabera.