Teknologia -

Europar Batasuna

Gailu elektronikoentzako kargagailu unibertsal bat proposatu du Europako Batzordeak

Industriak 24 hilabeteko epea izango du aldaketara moldatzeko. C motako USBa erabili eta kargagailuen salmenta eta gailuena bereizi beharko dituzte.

Sakelako baten kargagailua. Argazkia: Pixabay
Sakelako baten kargagailua.
Sakelako baten kargagailua. Argazkia: Pixabay

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Irrati Ekipamenduen Europako Zuzentaraua (2014koa) berritzeko proposamena egin, eta gailu elektronikoentzat (sakelako telefono, tablet, argazki kamera digital, aurikular zein bideokontsolak) kargagailu bakarra eta unibertsala bultzatzearen alde egin du. Zuzentarauak C motako USB ataka proposatzen du, eta 24 hilabeteko "trantsizio epea" eman dio industriari aldaketara moldatzeko.

USB-C ataka Android gailuek erabili ohi dutena da, eta Applek bere dispositibo berrienetako batzuetan jarri badu ere, Tim Cooken konpainiari eragingo dio bereziki aldaketak. Hain justu, "trantsizio epea laburregia" dela salatu du konpainiak neurria ezagutu berritan.

Batzordeak ohar baten bidez adierazi duenez, gaur emandakoa "pauso garrantzitsua da zabor teknologikoaren kontra eta erabiltzaileei eragiten diegun enbarazuen kontra". Bruselak 2009tik darama kargagailu unibertsalaren alde egiten. Urte horretan fabrikatzaile nagusienekin akordioa adostu, eta 30 kargagailu izatetik hirura murriztea lortu zuen (USB 2.0 Micro B, USB-C eta Lightning, Applek darabilena).

Mota jakin bateko kargagailua proposatzeaz gain, kargagailuen eta gailuen salmenta bereiztea ere nahi du Europako Batzordeak. Azaldu duenez, erabiltzaileentzat abantaila izateaz gain, ekoizpenak utzitako ingurumen arrastoa txikituko luke.

Bruselaren helburua da kontsumitzaileek erabakitzea sakelakoa erosten duten bakoitzean kargagailu berria erosi behar duten, horrela, urtero sortzen den zabor teknologikoa nabarmen murrizteko (2020an 11.000 tona zabor izan ziren).

"Heldu da garaia neurri arautzaileak hartzekoa"

"Europako kontsumitzaileak frustratuta egon dira luzaroan tiraderetan jada balio ez zuten dozenaka kargagailu pilatzen. Denbora asko eman diogu industriari konponbidea emateko, heldu da neurri arautzaileak hartzeko garaia, kargagailu komun bat izatekoa", adierazi du Margrethe Vestager Europako Batzordeko Arlo Digitaleko presidenteordeak.

Neurria Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak onartu behar dute orain. Ondoren, bi urteko trantsizio epea izango da.

Europako Batzordeak emandako datuen arabera, 2020an bakarrik 420 milioi sakelako saldu ziren Europar Batasunean, eta kontsumitzaile bakoitzak batez beste hiru kargagailu ditu etxean.

Neurriak ez die eragingo, oraingoz, ordenagailu eramangarriei, erloju adimentsuei eta ariketa fisikoa neurtzen duten gailuei, arrazoi teknikoak direla medio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Teknologia Europar Batasuna Europa Telefonia mugikorra Eguneko albisteak Albisteak