Teknologia -
Txina
Gizon batek dendari bat hil du iPhone faltsu bat saltzeagatik
Ustezko hiltzaileak labankadaka hil du biktima.
Erredakzioa
Zhengzhouko (Txina) Poliziak dendari baten ustezko hiltzailea atxilotu du. iPhone faltsu bat saltzeagatik hil omen zuen dendaria. Ustezko hiltzaileak labankadaka hil zuen dendaria sakelako telefonoa faltsua zela ohartu zenean.
Txinan Appleren produktuak saltzeak eta faltsutzeak ezusteko ondorioak izan ditzake. Izan ere, iPhone 4S saltzea debekatu dute Txinan, eta horrek istilu handiak eragin zituen hainbat hiritan. Txinatarrek oso gogoko dituzte Appleren telefonoak eta dendari batzuk produktu faltsuak saltzeko aprobetxatzen dute egoera. Hori dela eta, Txina faltsifikazioen iturri bihurtu da.
Hala eta guztiz ere, saltzaile horietako batek ez zuen zorterik izan iPhone faltsua saltzerakoan. China Hush egunkarian azaltzen denez, gizon bat erakusleiho bat begiratzen ari zen dendaria gerturatu eta iPhone bat erakutsi zionean. Dendariak Appleren ziurtagiria erakutsi zion eta orduan, gizonak sakelako telefonoa erosi zuen 2.000 yuanen (240 euro) truke.
Baina eroslea ohartu egin zen faltsua zela. iPhone faltsua eta sukaldeko labana bat hartu eta erosi zuen ingurura joan zen saltzailearen bila. Hainbat egunez aritu zen gizonaren bila eta halako batean engainu berbera egiten ari ziren beste saltzaile batzuk aurkitu zituen.
Haiengana hurbildu eta honakoa esan zien: "Itzuli dirua, bestela hil arte emango dizkizuet labankadak". Borroka baten ondoren, ustezko hiltzaileak labana atera zuen eta horietako bat hil zuen.