Teknologia -

teknologia kriptografikoak

NFT: Zer da eta zertarako balio du

Zifra handiak ordaindu dituzte jada obra kriptografikoen truke, baina NFT formatuko artxiboen gorakadak zalantzak eragin ditu horien erregulazioaren eta ingurumen-eraginaren inguruan.

NFT teknologiak zerbait bakarra dela bermatzen du, ez ordezkagarria. Argazkia: Pixabay
NFT teknologiak zerbait bakarra dela bermatzen du, ez ordezkagarria. Argazkia: Pixabay
NFT teknologiak zerbait bakarra dela bermatzen du, ez ordezkagarria. Argazkia: Pixabay

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NFT artxibo formatua modan dago, ez teknologiaren sektorean bakarrik, baita artearen munduan ere. Zifra altuak ordaindu dituzte jada horrelako obra digitalen truke (69 milioi dolarrera iritsita), eta Espainian azaroan saldu zituzten lehen obrak, horietako bat 20.000 euroren trukean.

NFT (token ez suntsikorren siglak) 'blockchain' teknologian oinarritutako teknologia kriptografikoa da, eta zerbait bakarra dela bermatzen du, ez ordezkagarria, horren egiazkotasuna eta jabetza ere bermatzen dituelarik. Normalean, Ether bezalako kriptotxanponen trukean erosten dira NFTak baina, horiek ez bezala, ez dira elkarren artean trukagarriak, alegia, ez dira suntsikorrak.

Hala, obra digital baten erosketa artelan fisiko baten erosketaren baliokide izango litzateke. Izan ere, NFT formatuan artxibo bat eskuratzeak ohiko artelan baten jatorrizko bertsioa (ez horren kopietako bat) eskuratzearen antza du.

Hiscox aseguru-etxeak argitaratutako Online Art Trade Report 2021 txostenaren arabera, NFT artelanek 3025 milioi euroko guztizko balioa izan dute gaur arte eta, egun, sareko arte-plataformen % 14ak NFTak eskaintzen ditu, eta % 38ak laster egiteko asmoa du.

NFT motak

Zenbait faktorek baimendu dute NFTen integrazio arina, besteak beste, horiekin salerosteko erraztasunak eta artistei eskaintzen dien askatasunak, euren obra zuzenean saltzen baitute, bitartekaririk gabe. Arteaz gain, ia edozer saldu daiteke NFT gisa, eta horrelako aktiboen inbertitzaileak gero eta gehiago dibertsifikatu dira. Horien erabilera ohikoenetako bat bildumazaletasuna da.

Uztailean, Tim Berners-Lee britainiar ingeniariak World Wide Web protokoloaren iturburu-kodea saldu zuen, egile-eskubiderik gabekoa eta doakoa, 5,4 milioi euroren trukean.

Memeak eta interneteko bideo biralak izan dira NFT bildumazaleen beste kategoria gogokoenetako bat. 'Charlie bit my finger' bideoaren truke 760.999 dolar ordaindu zituzten, eta 'Disaster Girl' memea, bestalde, 500.000 dolarren trukean saldu zen.

'Disaster Girl' memea. Argazkia: YouTube

NFT formatuaren populartasunari gehien lagundu dion mugarrietako bat 2021eko martxoan izan zen. Egun, obra kriptogafiko batengatik ordaindutako kantitaterik handiena da oraindik: 69 milioi dolar. Zifra hori Christie's etxeak antolatutako enkante batean ordaindu zuten, Beeple (Mike Winkelmannen ezizena) artista digitalaren 'Everydays: the first 5000 days' artelanagatik. JPG formatuko collage-a 5.000 irudik osatzen dute, artistak 13 urte eta erditan zehar egunero sortutakoak.

Erregulazioari eta ingurumen-eraginari buruzko zalantzak

Kriptotxanponekin gertatzen den bezala (ez baitaude eutsiko dituen banku zentral baten kontrolpean), NFTak erregulazio eskaseko testuinguru batean ari dira bidea irekitzen. Hala ere, lehen pausoak ematen ari dira Blockchain teknologiaren eta NFTen mundua legalki definitzeko.

Espainiar Estatuan badira legeak aztertzen dutenak kriptoaktiboak kudeatzen dituzten enpresek agintariei jakinarazi behar diotela, baina oraindik ez dira martxan ipini eta kriptodibisetara bideratuago daude, NFTetara baino.

Ohiko zalantza da artxibo horien salmentagatik zergarik ordaintzen den, eta merkatu horretako kideak bat datoz: ordaindu egiten dira, eta herrialde bakoitzeko legeen araberakoak dira. Espainiaren kasuan, NFT bat erabilera arrunteko txanpon gisa saltzen bada, BEZa ordaindu behar da; % 10ekoa autoreak berak saltzen badu eta % 21ekoa enpresari baten birsalmenta bada. Era berean, partikularren artean saltzen bada, ondare-eskualdaketen zerga gehitu beharra dago. Hala, ondasun-mozkinik egotekotan, PFEZ bidez ordainduko dira zergak pertsona fisikoen kasuan, eta Sozietateen Gaineko Zergaren bidez enpresen kasuan.

Ikertzen hasi diren beste alderdietako bat da kriptotxanponen bidezko NFT salerosketek suposatzen duten ingurumen-eragina. Horri aurre egiteko neurrietako batzuk artista propioek proposatu dituzte. Beeple artistak, obra kriptografiko bat garestien saldu duenak, adierazi du neurriak hartzen ari dela karbono-neutraltasuna lortzeko. Izan ere, 5.000 dolar inguru balio du bere NFT bildumetako baten isuri kutsakorrak konpentsatzeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Artea albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak