Teknologia -
Itzulpen zentroa zabalik
Twitter, euskaraz!
Twitterren erabiltzen diren eremu urriko hizkuntzei dagokienez, euskara da sare sozialean gehien erabiltzen direnetan bigarrena. Egun bakarrean, erabiltzaileek Twitterreko menuaren % 80 itzuli dute.
Erredakzioa
Twitter euskaraz erabili ahal izateko prest egongo da gutxi barru; izan ere, asteazkenean hasita sare sozialak itzulpen zentroa euskaraz erabiltzeko aukera eskaini ostean, erabiltzaileek Twitterreko menuaren % 80 itzuli dute dagoeneko.
Twitterreko edukiak euskaratzen parte hartu nahi dutenek Twitterreko itzulpen zentrora jo behar dute eta, horretarako, Twitterreko kontu bat izan behar da.
Euskaratzeko ez ezik, Twitter afrikaansez, katalanez, txekieraz, ukraineraz eta grezieraraz jartzeko laguntza ere eskatu du.
Twitter "eremu urriko hizkuntzentzako etxea" bilakatu da, euren jakinarazpenean esan dutenez. Kevin Patrick Scannell irakasleak sortutako Indigenous Tweets webguneak eremu gutxiko 70 hizkuntza baino gehiago jasotzen ditu eta, horien artean, besteak beste, kriolera eta, euskara.
Twitterren erabiltzen diren eremu urriko hizkuntzei dagokienez, euskara da, Haitiko kreoleraren ondoren, sare sozialean gehien erabiltzen dena. 7.000 erabiltzailek baino gehiagok euskaraz tuiteatzen dute.
Twitterrek 140 milioi erabiltzaile ditu eta egunean 340 milioi tuit inguru argitaratzen dituzte. "Interneteko SMS zerbitzua" bezala ezaguna da eta udaberri arabiarrean erabilgarritasun handia izan zuen.
#twittereuskaraz etiketa aspaldian erabili dute Twitterreko euskaldunen komunitatean sare soziala euskarara itzultzeko eskakizuna egiten. Erabiltzaile uskaldunek askotan erakutsi dute teknologiaren alorrean euskararen alde lan egiteko prest daudela: Facebook sare sozialean, sorftware librearen eremuan edo infografia esparruan, besteak beste.