Teknologia -
Europako Batzordea
Nagusitasun posiziotik egindako abusuak amaitzea eskatu diote Googleri
Konpainia estatubatuarrak praktika hori saihesteko neurri zuzentzaileak aurkeztu beharko ditu aste gutxiko epean.
Erredakzioa
Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta lehiakortasun komisarioak Google konpainia estatubatuarrari "aste gutxiko epean" Internet bidezko bilaketen merkatuan nagusitasun posizioarekin egindako abusuak amaitzeko neurri zuzentzaileak aurkezteko eskatu dio.
Bruselak 2010ean abian jarri zuen ikerketaren inguruan adostutako konponbidea bilatzea da helburua, eta hala, isuna izan dezaken auziari amaiera eman nahi diote.
"Googlek gure kezkak ahalik eta azkarren konpontzeko aukera aprobetxatzea gustatuko litzaidake", esan du Almuniak.
Europako Batzordeko presidenteordeak eskutitz bat igorri dio Eric Schmidt Google konpainiako presidenteari, eta bertan nagusitasun posiziotik egindako abusuak izan daitezkeen lau arlo zehaztu dizkio.
AEBetako enpresak arazo horiek konpontzeko neurri zuzentzaileak eskaini behar dizkio orain Bruselari. Europako Batzordeak ontzat ematen baditu, merkatu-ikerketa baten eraginpean jarriko dituzte eta juridikoki lotesle bihurtuko ditu.
Kontrakoa ebazten badu, berriz, Almuniak akusazio formalak jasotzen dituen kargu-orria igorriko dio konpainiari eta nagusitasun posiziotik egindako abusuak egotzita isuna ezarriko diote Googleri.