Teknologia -
Wii U kontsolarako nobedadeak
Nintendok Miiverse sare soziala aurkeztu du
Wii U kontsola berrian oinarritutako sare sozialari esker mundu guztiko jokalariek euren artean uneoro konektatuta egoteko aukera izango dute.
Erredakzioa
Nintendo konpainiak Miiverse izeneko sare soziala jarriko du abian, hala jakinarazi du E3 azokan, Wii U kontsola berriaren inguruko nobedadeak aurkezteko egindako agerraldian.
Satoru Iwata Nintendoko presidenteak adierazi duenez, Sonyk eta Applek erabiltzen dutenaren antzeko estrategian oinarrituta dago sare sozial berria. Analisten iritziz, ordea, Nintendok berandu xamar egin du online jokoen inguruko apustua, eta hortaz, merkatuan lekua egitea kosta egingo zaiola uste dute.
Nintendoko presidenteak E3 azoka entzutetsuan erabiltzaileen arteko hartu emana ahalbidetuko duen txata aurkeztu du, bideoa eta beste aplikazioa batzuk izango ditu irudiak eta beste hainbat eduki partekatu ahal izateko.
Wii U kontsolarentzako urrutiko aginte berria
Nintendoren kontsola berriarentzeko nobedadeen artean, Miiverse sare sozialaz gain, urrutiko aginte sistema berria aurkeztu dute konpainiako arduradunek.
Wii U Gamepad, E3 azokaren aurreko edizioan aurkeztu zuten, baina erabat berritu dute eta hainbat nobedade ezarri dizkiote.
Besteak beste, Gamepada telebistako urrutiko agintearekin erabili ahal izateko aukera. Ukimen pantaila bat izango du, telebista modu independentean kontrolatzeko botoi batekin.