Teknologia -
Sare sozialak
Elon Muskek esan du egiaztatutako kontuengatik hilean zortzi dolar kobratuko dituela
Milioidunak argitu duenez, prezioa "herrialdearen eta eros ahalmenaren arabera" doituko du. Iragarpenak erreakzio oldea eragin du: ekimena txalotu edota sare soziala utziko dutela iragarri dutenena.
Agentziak | EITB MEdia
Elon Musk milioidun eta Twitterren jabe berriak sare sozialerako dituen asmoetako batzuk aurreratu ditu, eta besteak beste, iragarri du premium bertsioa hilean 8 dolar kostatuko dela AEBen.
Txio batzuetan argitu duenez, prezioa "herrialdearen eta eros ahalmenaren arabera" doituko dute.
Twitter Blue delako bertsioak —AEBn, Kanadan, Australian eta Zeelanda Berrian bakarrik dago eskuragai, eta ordainpekoa da— honako abantailak izango ditu: bilaketetan, aipamenetan eta erantzunetan lehentasuna izatea ("spamari aurre egiteko giltzarrietako bat", Musken hitzetan), bideo eta audio luzeak argitaratzeko aukera, eta "publizitatearen erdia". Horrez gain, iragarleek "ordainpeko harresia" izango dute.
Aurrez, Twitterrek premium kontuei 20 dolar kobratuko ziela kaleratu zuen komunikabide batek, eta hori argitzera atera da Musk. "Marka urdina nork duen jakiteko Twitterrek duen jauntxo eta nekazarien egungo sistema kaka bat da. Boterea herriari! Blue bertsioa hilean 8 dolarrengatik", bota du txioetako batean.
Txiook argitaratu zituenetik, makina bat erantzun jaso ditu Muskek: batzuek ekimena txalotu dute, beste batzuek, aldiz, sare soziala utziko dutela iragarri dute.