Teknologia -
Adimen artifiziala
OpenAI, ChatGPTren jabea, ikertzen ari dira datuak babesteko araudia ustez ez betetzeagatik
Gainera, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) jakinarazi du joan den astean Datuak Babesteko Europako Batzordeari (EDPB) eskatu ziola ChatGPT zerbitzua osoko bileran jorratzeko gai gisa sartzeko.
Agentziak | EITB Media
Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) ofizioz hasi ditu OpenAI enpresa estatubatuarra, ChatGPT adimen artifizial sortzailearen zerbitzuaren jabea, ikertzeko izapideak, araudia ustez ez betetzeagatik.
Agentziak ohar baten bidez gogorarazi duenez, adimen artifiziala bezalako teknologia berritzaileak garatzearen eta abian jartzearen alde dago, indarrean dagoen legedia "erabat errespetatuz"; izan ere, "abiapuntu horretatik soilik gauza daiteke pertsonen eskubide eta askatasunekin bateragarria den garapen teknologikoa".
Ildo horretan, agentziak jakinarazi du joan den astean Datuak Babesteko Europako Batzordeari (EDPB, ingelesezko siglak) eskatu ziola ChatGPT zerbitzua sartzea osoko bileran jorratu beharreko gai gisa.
Erakundearen ustez, pertsonen eskubideetan "eragin handia" izan dezaketen tratamendu globalek ekintza koordinatuak behar dituzte Europa mailan, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra aplikatuz.
Batzorde horrek gaur egindako osoko bilkuran lantalde bat sortzea erabaki du, lankidetza sustatzeko eta datuak babesteko agintariek egindako ekintzei buruzko informazioa trukatzeko, AEPDk azaldu duenez.