Teknologia -
Applek "pazientzia" eskatu du
Ebro ibaia Brasilen, Appleren mapa aplikazio berrian
Aplikazioak polemika handia piztu du sare sozialetan, kartografia akats larriak baititu.
Erredakzioa
Appleren mapa aplikazio berriak porrot egin du, kartografia akats ugari baititu eta informazio asko falta baitzaio. Sare sozialetan polemika handia piztu da, eta The Wall Street Journal egunkariaren teknologia blogak (AllThingsD) Ecce Homorekin alderatu du, "errealitatea desitxuratu" egiten duelakoan.
Aplikazioa iOS 6 sistema eragilearekin batera iritsi zen asteazkenean, eta, horrekin, Google Maps aplikazioa desagertu egin da (telefonoaren nabigatzailearen bitartez baino ezin da erabili orain iOS sistema eragilean).
Kartografia akatsak oso handiak dira. Adibidez, El Pais egunkariak egiaztatu duenez, Ebro ibaia Brasilen kokatu du aplikazioak, eta The Guardian kazetaren arabera, Londresko Paddington geltokia Kanadan agertzen da. Frantzian, Alemanian eta Australian ere antzeko hainbat akats daude.
Erabiltzaileek umorez hartu dute, eta Tumblr sare sozialean akats guztiak biltzen hasi dira.
Bestalde, Applek pazientzia eskatu die erabiltzaileei, zerbitzua garatzen ari baitira oraindik.