Teknologia -

Europar Batasuna

Sare sozialen jabeen aurka "borrokatzea" proposatu du Sanchezek: anonimotasuna kendu eta kontuak eskatu

Plataformak behartu nahi ditu "algoritmoen kutxa beltza irekitzera", eta uste du egin litekeela: "Gehiago gara".

Pedro Sanchez, Davosen egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez, Davosen egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Sare sozialetan anonimotasunarekin amaitzea proposatu du Sanchezek

1:27

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak sare sozialek demokraziari dakarkioten arriskuaz ohartarazi du, eta plataforma horien jabeen aurka "borrokatzea" proposatu du. "Teknomultimilioidun" gisa definitu ditu horiek, eta hainbat neurri proposatu ditu haiei aurre egiteko, hala nola arauak bete ezean kontuak eman behar izatea, eta plataformetan anonimotasunik ez izatea.

"Jakin badakit ez dela erraza izango, denok gaude apur bat beldurtuta, aurrean ditugun pertsonak oso boteretsuak direlako, diru- eta teknologia-baliabide ia mugagabeak dituztelako, aliatu oso arriskutsuak dituztelako eta ez direlako garbi jokatzen ari", azpimarratu du Davoseko (Suitza) Munduko Ekonomia Foroan.

Sanchezek dio enpresaburu horiek ez dituztela arau moralak betetzen, eta ez dietela arau horiek ez betetzearen ondorioei aurre egiten, baina ziur agertu da garaile aterako dela norgehiagoka horretatik: "Badakit borroka irabaz dezakegula, arrazoia dugulako, gehiago garelako eta aurrekoetan ere irabazi dugulako".

Gauzak horrela, Sanchezek "teknokasta" gisa definitu zuenaren aurkako diskurtsoarekin jarraitu du, aste honetan bertan inbestitu den Donald Trump presidente berriarekin bat egin duten Estatu Batuetako konpainia teknologiko handien jabeei erreferentzia eginez.

"Algoritmoetan ezkutatutako" sare sozialen ondorio negatiboez ohartarazi du Espainiako Gobernuko presidenteak; izan ere, deitoratu duenez, jendea ahaldundu beharrean, "gutxi batzuen esku" geratu dira, eta "eztabaida publikoa polarizatzen" ari dira.

Hala, ohartarazi du bilatzaileek bot izenekoak dituztela, eta horiek sare sozialetako profilen herena eta Interneteko trafikoaren erdia osatzen dutela, eta algoritmoek ikuspegi politiko batzuk ezkutatzen eta beste batzuk sustatzen dituztela.

Pribatutasunerako eskubidea, baina anonimotasunik gabe

Espainiako Estatuko gobernuburuak iragarri duenez, Europar Batasuneko hurrengo Kontseiluan Europako gainerako liderrei proposatuko die sare sozialetan anonimotasunarekin amaitzea, plataformak "algoritmoen kutxa beltza irekitzera" behartzea eta, azkenik, sareetako zuzendariek eta jabeek "kontuak eman behar izatea, plataforma horietarako ezarritako arauak bete ezean".

Bere ustez, anomalia bat da benetako identitate bati lotuta ez dauden profilak egotea ahalbidetzea, "ezin du horrela izaten jarraitu", demokrazia batean herritarrek pribatutasunerako eskubidea baitute, "baina anonimotasunik eta zigorgabetasunik ez dago".

"Plataforma horiek guztiek nahitaez lotu beharko lituzkete erabiltzaileen kontuak Europako identitate digital batekin. Horrela, herritarrek ezizen bat edo izen faltsu bat, erabili ahal izango lukete, hala nahi izanez gero, baina delitu bat egitekotan, agintariek kontu hori benetako nortasun batekin lotu ahal izango lukete, eta kontuak eskatu", azaldu du.

Algoritmoen gardentasuna

Algoritmoei dagokienez, Gardentasun Algoritmikorako Europako Zentroaren gaitasuna eta ahalmena indartzea proposatu du Sanchezek, sare sozialen funtzionamenduan "inolako mugarik gabe" sartu ahal izateko. Gai horrek Europar Batasuneko ikerketa-lehentasunetako bat izan behar duela esan du, aditu onenek gai horietan lan egin dezaten, "demokraziaren etsaiak egiten ari diren bezala".

Demokraziarekin amaitu nahi duten dirudunak

"Ez daude konforme botere ekonomiko ia osoa izatearekin, botere politikoa ere nahi dute, gure erakunde demokratikoak ahultzeko", kritikatu du. Hala ere, adierazi du aipatutako neurri horiek ez dutela ezertarako balioko sareen jabeek kontuak ematen ez badituzte, "munduko pertsona aberats eta boteretsuenetakoak direlako", azpimarratu du.

Horrela, jatetxe baten jabea erantzule den bezala bertan egindako janak bezeroak intoxikatzen baditu, Sanchezen ustez sare sozialen jabeek ere erantzule izan behar dute, euren algoritmoek "herritarrak pozoitu" egiten baitituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Politika Nazioartea Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua Sare sozialak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak