Teknologia -

TELEFONIA

Enpresek ezingo dituzte dei komertzialak mugikorren zenbakiak erabilita egin

2023an sartu zen indarrean Telekomunikazioen Lege Orokorraren erreforma, eta ordutik debekatuta egon da baimenik gabe dei komertzialak egitea. Halere, arauaren zenbait zirrikitu baliatuta, spam deiak egiten jarraitu dute enpresek. Gaurtik, zorrotzagoa da legea.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurrerantzean, enpresek ezingo dituzte telefono mugikorren zenbakiak erabilita dei komertzialak egin. Gaur sinatu du Espainiako Gobernuak agindu berria, eta hiru hilabete dituzte enpresek horretara egokitzeko. Helburua da telefonia eta mezularitza bidez identitatea ordezkatzen duten deiak eta mezuak amaitzea.

Neurri horrekin batera, beste hainbat ere onartu ditu gaur Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Telekomunikazioen Lege Orokorrean txertatzeko. Asteon argitaratuko da agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta hortik aurrera, 20 eguneko epean indarrean egongo da.

____________________________________________________

Erlazionatutako edukia: Spam deien negozioa

____________________________________________________

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko ministroak eman du arauaren berri. Jakinarazi duenez, telefonia operadoreek ere betekizun berriak izango dituzte: berea ez den zenbaki batetik enpresa bat deiak egiten ari dela atzematen dutenean, behartuta egongo dira dei horiek blokeatzera. Identitatea ordezkatzen ari dela ulertuko da.

Halaber, blokeatu egin beharko dituzte Espainiako Estatutik deitzen ari diren itxura egin, baina egiaz atzerriko herrialderen batetik egiten ari diren deiak (roaming deiak ez).  Izan ere, hainbat enpresek Herbehereetatik edota Erresuma Batutik egiten dituzte dei komertzialak, baina Espainiako zenbakiak erabilita.

Mezularitzari ere eragingo dio gaur izenpetutako aginduak. Mezu idatziak bidaltzeko telefono zenbakien ordez kode alfanumerikoak erabiliz gero, mezu horiek ere blokeatu egin beharko dituzte telefonia konpainiek, betiere, kode alfanumerikoak erregistratuta ez badaude Balore Merkatuaren Batzordean. 

Legea ez betetzeak 2 milioi eurora arteko isunak ekar ditzake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zibererasoak