Teknologia -
Euskara, Sarean
Xare euskara kultura digitalean sustatzeko azoka, Kursaalen
Euskararen erabilera kultura digitalean sustatzeko helburuarekin, Xare azoka antolatu dute azaroaren 23an eta 24an, Donostiako Kursaalen.
Erredakzioa
Informazioaren Teknologia Berriek (ITK) garrantzi handia dute gaur egungo gizartearen alor guztietan eta erabiltze fidelenak gazteak dira. Hori dela eta, euskararen erabilera kultura digitalean sustatzeko helburuarekin, Xare azoka antolatu dute azaroaren 23an eta 24an, Donostiako Kursaalen. Sarrera doakoa izango da. Appleren iOS eta Android sistema eragileak dituzten smartphone eta tablet gailuetarako aplikazio berriak aurkeztuko ditu EITB taldeak, Xare azokan.
Egitasmoa IKTak erabiltzen dituzten euskaldun guztiei zuzenduta dago eta, azokaren lehen edizio honetan, IKTen alorrean euskara erabiltzen duten enpresa zein instituzioei euren lana eta zerbitzuen berri eman ahal izateko egongo dira. Horrez gain, gazteei zuzendutako kultura eta aisialdi egitaraua ere prestatu dute.
Xare azokak euskarazko softwarea ere ezagutarazi nahi du, bere erabilera sustatu eta software gehiago euskaratzea bultzatu. Hau da, ordenagailuetan eta sakelako telefonoetan euskarazko sistema eragilea eta softwarea instalatu eta erabiltzeko ohitura sortu eta indartu nahi dute.
Hitzaldiak, erakustaldiak eta ikastaroak
Euskara eta kultura digitala ardatz dituen egitarau oparoa eskainiko dute, Kursaalen. Horrela, besteak beste, Peter Thompson Erresuma Batuko PIAS musika banaketa enpresako zuzendaria iraultza digitalak musikagintzaren negozioan eragindako lurrikaraz eta irekitako bide berrietaz arituko da.
Xare azokara gerturatzen direnek EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldearen robot bertsolarien erakustaldia ikusteko aukera ere izango dute.
Horrez gain, ordenagailuan softwarea euskaraz instalatzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek. Linux ezarriko zaie; izan ere, euskararen erabilera gehien bermatzen duen sistema eragilea da. Gainera, softwarea euskaratzen eskarmentua duten hainbat lagunen gidaritzapean, taldekako itzulpen saio bat egingo da.
Trebakuntzak ere bere tartea izango du Xare azokan. Makalak soinu edizio digital ikastaroa eskainiko du eta VJ Txo!?-k bideo jartzaileen teknikei buruzko errepasoa egingo du.
Ikus-entzunezkoei dagokienez, RIP Remix Manifesto filma, Sei Track zuzenezko emanaldia eta azken urteetan Interneten izan den Nortzenfilmak lehiaketako euskarazko bideoen emanaldia eskainiko dute.
Gune bereziak
Azokak gune berezia izango du bisitariei esperientzia interaktiboak eskaintzeko. Bertan, besteak beste, Björk musikariak ezaguna egin zuen Reactable izeneko instrumentu elektronikoa ordu erdiko saioetan erabiltzeko aukera izango dute Kursaalera gerturatzen direnek.