Itxi

Bizi EITB

Bizi EITB

Bizi EITB

Adin guztietarako jarduerak

Kaleko jarduera eskaintza zabala, larunbatean, BIZI EITB ekimenaren eskutik

EITB MEDIA

Honako ekintzak antolatuko dira Donostian, Gasteizen eta Barakaldon: 3klubaren txokoa, "3 Ene Kantak" ikuskizuna, sukaldaritza zuzenean Gastroshow ekitaldian, "Go!azen" telesailaren aurrestreinaldia, "Oholtzan" kantaldia eta Rigoberta Bandiniren kontzertua Gaztearen eskutik.

  • BIZI EITB ekimenaren aurkezpeneko irudia.

    BIZI EITB ekimenaren aurkezpeneko irudia. EITB Media

EITBren marka eta saio nabarmenenak kalera aterako dira larunbatean, urriaren 9an, BIZI EITB ekimenaren eskutik. EITB ikus-entzunezko taldeak, euskal gizartearengatik hurbil egoteko asmoz, adin guztietako publikoari zuzendutako kaleko jarduera eskaintza zabala prestatu du hiru lurraldeetan. Haur, gazte zein helduentzako ikuskizunak, jolasak eta kontzertuak egingo dira Donostian, Gasteizen eta Barakaldon.

EITBk urtero antolatzen duen EITB Jaia egungo egoerara egokitu du aurten, eta osasun eta segurtasun neurri guztiak betetze aldera, hiru leku ezberdinetan egingo ditu jarduerak: Donostiako Kursaalen eta Tabakaleran, Gasteizko Iradier Arenan eta Barakaldoko BECen. Gainera, egitasmoak izaera soziala izango du eta Alzheimerra ardatz hartuko duen aurtengo EITB Maratoiarekin bat egingo du. Hala, egun osoan zehar izango diren jardueretan bildutako dirua ikerketara bideratuko da.

Asteazkenean (urriak 6) aurkeztu zuen EITBk ekimena Gasteizko Iradier Arena aretoaren alboan dagoen Errenazimendu plazan. Bertan aritu ziren Isabel Octavio EITBren Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria, Gontzal Mendibil kantaria, Iñaki Mujika, Ander Lacalle eta Julen Castilo "Go!azen"eko aktoreak eta Susana Cuesta, Afaraba Alzheimerra eta beste dementzia batzuen elkarteko kidea.

DONOSTIA:

3 kluba. Kursaaleko kanpoko terrazan haurrentzako gunea prestatuko du EITBk. Bertan etxeko txikienek jolasak, tailerrak eta hainbat jarduera dibertigarri topatuko dituzte, bi txanda ezberdinetan, 11:00etan eta 13:30ean.

"3 Ene Kantak". Kursaaleko Ganbara Aretoan izango dira Ene Kantak taldeko kideak musikaz eta dantzaz betetako ikuskizuna eskaintzeko. Bi emanaldi egingo dira: 11:00etan eta 13:00etan.

"Oholtzan". Tabakaleran, berriz, kantu eta abeslari ezagunen emanaldia izango du ikusgai publiko orokorrak, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Kantaldian Amaia Zubiriak, Niko Etxartek, Pantxoa Carrerek, Gontzal Mendibilek eta Easo Abesbatzak hartuko dute parte, besteak beste. Oraindik ere sarrerak eskuratzeko aukera dago BIZI EITB webgunearen bitartez.

Gaztea. Rigoberta Bandinik kontzertua eskainiko du 20:30ean Kursaalen, Gaztearen eskutik. Momentuko artistetako bat da musikari bartzelonarra, "A ver qué pasa", "Perra", "Too many drugs" edo "In Spain we call it soledad" kantuei esker, besteak beste.

BARAKALDO:  

"Go!azen". BEC! Bilbao Exhibition Centre esparruan gaztetxoentzako telesaila arrakastatsuaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia egingo da. Emanaldia 17:00etan izango da eta antzezle talde nagusia bertan izango da. 

GASTEIZ:

Gastroshow. Arabako hiriburuan, Iradier Arenan, ETBko sukaldariek gastronomia ardatz duen ikuskizun handia eskainiko dute goizeko 11:00etatik aurrera. Jardunaldi berezi honetan, Ander Gonzalez, Joseba Arguiñano, Jaione Mariezkurrena eta Javi Sierra sukaldariek zuzeneko showcookingak egingo dituzte. Gabriela Uriarte nutrizionistak elikadura osasuntsuari buruzko solasaldia eskainiko du eta bertara gerturatuko diren lagunek produktuak dastatzeko aukera izango dute. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.