Itxi

Bizi EITB

Bizi EITB

Bizi EITB

Batzen gaituzten emozioak

BIZI EITB 2022 jai erraldoia, urriaren 15ean BEC!en

EITB Media

11:00etatik 17:00etara, etxeko txikienei zuzendutako jaia izango da, Ene Kantak eta Go!azen ikuskizunekin (sarrera doan). 17:30etik aurrera, "Goazen 9.0" aurrestreinaldia izango da (sarrerak salgai); eta 20:00etatik aurrera, Biba Oholtzan jaia, Korrontziren kontzertu bereziarekin (sarrera doan).

0:38

Urriaren 15ean, egun osoz, BIZI EITB 2022 jai handia egingo du EITBk Barakaldoko BEC!en (Bilbao Exhibition Centre). Aurten ere, 10 orduko festa izango da; eta, ohi bezala, izaera solidarioa izango du, bertan bildutakoa EITB Maratoiari zuzenduta egongo baita. Gainera, EITBren 40. urteurrena ikusle eta jarraitzaileekin ospatzeko eguna izango da.

Aurtengo BIZI EITB ekimena 11:00etan hasiko da, etxeko txikienei zuzendutako jaiarekin. BECeko 2. pabiloian izango da haurrentzako festa, eta familia giroan gozatzeko eskaintza zabala izango da bertan: 3 klubaren txokoa, tailerrak, puzgarriak, salto egiteko goming euskarriak, ipuin kontalaria, ludoteka, egurrezko jolasak, teknologiari lotutako espazioa...  Eta nola ez, Antxus 3 klubeko maskota ere bertan izango da txikienak agurtzeko.

Horrez gain, ikuskizunak ere hartuko ditu jaiko agertokiak:

Kidam magoaren ikuskizunarekin abiatuko da jaia, 11:00etatik aurrera. "3 Ene Kantak" saioan ikusgai izan ohi dugu Asier Kidam, eta, oraingoan, bertatik bertara ikusi ahal izango ditugu Kidamen magia eta trikimailuak.

12:30etik aurrera, berriz, Ene Kantak Dantzan ikuskizuna izango dugu agertokian, protagonista eta pertsonaia guztiekin, tartean, Satorjator eta Astonauta.

Bazkalorduan ez da musikarik faltako; eta, azkenik, jaia bukatzeko, Go!azenekin abestu eta dantzatzeko aukera izango da, 15:00etatik aurrera.

11:00etatik 17:00etara izango da haurrentzako eskaintza BECen, eta sarrera doakoa eta librea izango da, aforoa bete arte.

"Go!azen 9.0" telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia

Ondoren, 17:30etik aurrera, "Go!azen 9.0" denboraldi berriko lehen atala eskainiko da, kasu honetan, BEC!eko Bizkaia Arenan. Denboraldi berriko lehen atala izango da ikusgai, pantaila erraldoian, eta aktoreak ere bertan izango dira. Han egoteko, ordea, sarrera beharko da. 3 euroko prezioa dute (BEZa eta gastuak barne), eta sarrera bakoitzeko 2 euro EITB Maratoira bideratuko dira, esklerosi anizkoitza ikertzeko. Hasieran salmentan jarritako sarrerak agortu ostean, salgai jarri dira gehiago, eitb.janto.es webgunean .

Biba Oholtzan jaia, Korrontziren kontzertu bereziarekin

BIZI EITB 2022 bukatzeko, Biba Oholtzan emanaldia grabatuko da Korrontziren kontzertu bereziarekin. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuta, artista eta talde gonbidatuak izango dituzte taula gainean 20:00etatik aurrera. 2. pabiloian izango da Biba Oholtzan jaia, eta sarrera doakoa eta librea izango da, aforoa bete arte. 

Ikuskizun paregabea izango da, eta "Oholtzan" saioko lantaldeak grabatu egingo du emanaldia, etorkizunean ETB1en eskaintzeko. Agus Barandiaranek zuzentzen duen Korrontzi taldea izango da bertan protagonista, eta hainbat artista eta talde gonbidatu izango dituzte taula gainera, tartean Xabier Berasaluze Leturia pandero jolea, Gorka Hermosa akordeoilaria eta Dani Conde gaiteroa. Ez dira faltako Arratiako Erraldoiak; eta, gainera, 120 dantzari baino gehiago hartuko dituzte taula gainean, udalerri ezberdinetako 11 dantza talderen eskutik:

Oinkari D.T. (Villabona-Amasa)
Itxarkundia D.T. (Laudio)
Egape D.T. (Urnieta)
Amilotx D.T. (Mungia)
Otsoak D.T. (Ataun)
Haize Dulantzi D.T. (Dulantzi)
Akelarre D.T. (Laudio)
Harribil D.T. (Orio)
Korosti D.T. (Legazpi)
Bihotz Gaztea D.T. (Santurtzi)
Zugaitza D.T. (Santurtzi)

Horrez gain, bi kirolari ere izango dituzte ikuskizunean lagun: Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria eta Susana Maldonado de la Torre barrenadora.

Ateak 19:00etan irekiko dira, eta grabazioa hasi arte, Joseina Etxeberria EITBko DJak jarriko du musika bertan.

EITB Maratoia: 'Geldiezinak gara/ Somos Imparables'

Esklerosi anizkoitza izango da aurten EITB Maratoiaren gaia, eta Geldiezinak gara / Somos imparables lelopean egingo du EITBk gaitzaren ikerketa bultzatzeko elkartasun kanpaina. Horri lotuta, erronka berria proposatuko dio euskal gizarteari: jantzita, dutxaren azpian bustitzea, Gatiburen "Euritan dantzan" abestia soinu banda gisa erabiliz, geldiezinak garela erakusteko helburuarekin. Informazio eta sentsibilizazio kanpaina abian jartzeaz gain, dohaintzak egiteko aukera ere martxan dago, eta hainbat bide irekita daude dagoeneko: Bizum eta kontu korronte bidez. Informazio guztia EITB Maratoiaren webgunean dago eskuragai: www.eitb.eus/maratoia

EITB. Batzen gaituzten emozioak