2025ko elkartasun maratoia, zahartze osasuntsurako diru-bilketa - EITB Maratoia

EiTB MARATOIA
EITB Maratoia-Bideoklipa
Hiru artistek jarri diote ahotsa edizio honetako soinu-bandari. Astelehen honetan grabatu dute "Euskal rock n' roll" kantu mitikoaren bertsio berezia, letra bera ere aurtengo kausari egokituta: Bizi bedi bizipoza!


Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Astelehen honetan, azaroak 10, Elkarren estudioetan elkartu dira Niko Etxart, Aurora Beltran eta Janus Lester abeslariak, helburu solidario handi batekin: EITB Maratoiaren 2025eko bideoklipa grabatzea, Niko Etxarten "Euskal rock n' roll" kantu mitikoaren bertsio berezia eginda. Hiru artistek ahotsa jarri diote aurtengo soinu-bandari, abestiaren jatorrizko erritmoarekin eta kausara egokitutako letrarekin. Gainera, Janus Lester gitarra akustikoan ikusi dugu, eta Aurora Beltran, berriz, elektrikoan. Hori guztia, bizitzari kantu egiteko, belaunaldiak batuko dituen kanpaina ikusgarri baten alde.
Azaroan zehar EITBk bideoklip berria estreinatuko du bere hedabideetan, eta edizio honetako erronka solidarioaren ardatzetako bat izango da, Nagusilan elkarteko boluntarioen spotarekin. Helburua, oso erraza: elkartasunezko twist handi bat dantzatzea, "Euskal rock n' roll" abestiaren erritmoan. Asteartetik aurrera, gainera, tutoriala egongo da dantzarako pausoen proposamenekin, bai EITBren sare sozialetan eta baita EITB Maratoiaren webgunean ere.
Aurten aukeratutako kausa zahartze osasungarria da, 'Bizi bedi bizipoza!' lelopean. Modu osasungarrian zahartzea desafioetako bat dugu gizarte eta osasun mailan; eta, horretarako, ezinbestekoa da zahartzaroaren alorrean ikertzen jarraitzea. Gizartearen transformazioa helburuetako bat izanik, EITBk gu guztion laguntza lortu nahi du, bizitzari kantu eginez, belaunaldiak batuko dituen kanpaina ikusgarri baten bitartez.
Abenduaren 18a izango da aurtengo EITB Maratoiaren egun handia; baina, jada, zabalik dago dirua emateko BIZUMa (dohaintza solidarioa: 33478)
Mugi gaitezen prebentzioaren eta ikerketaren alde, zahartze aktibo eta osasungarri baten alde.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa
