Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Abestu, esan, partekatu

Hainbat aktore, musikari eta artistek ere bat egin dute Maratoiaren bertso katearekin

EITB

Iker Laurobak "Ez negar egin, gu elkarrekin" abestiaren bertsioa egin du, ukelelearekin. Gitarra eskuan, Gorka Aguinagaldek bat egin du EITB Maratoiaren bertso katearekin.

  • Gitarra eskuan, Gorka Aguinagaldek bat egin du EITB Maratoiaren bertso katearekin

    Gitarra eskuan, Gorka Aguinagaldek bat egin du EITB Maratoiaren bertso katearekin

EITB Maratoiko bertso katea aurrera doa. Herritarrak hasi dira bideoak eta bertsoak bidaltzen koronabirusaren kontrako ekimenarekin bat egiteko, eta denetariko proposamenak jaso ditugun lehen egun hauetan. Hainbat aktore, musikari eta artistek ere bat egin dute jada EITB Maratoiaren bertso katearekin: Iker Laurobak, adibidez, "Ez negar egin, gu elkarrekin" abestiaren bertsioa egin du, ukelelearekin; eta Gorka Aguinagaldek ere bat egin du EITB Maratoiaren bertso katearekin, gitarra eskuan. Aktore, musikari eta artista zerrenda luzea dugu EITB Maratoiaren webgunean: Amaia Aberasturi, Gemma Martinez eta Mitxel Santamarina, Andoni Agirregomezkorta, Maribel Salas, Miriam Cabeza,Karmele Larrinaga, Zorion Eguileor, Matilda eta Skasti musika taldeak, Javi Fermin, Roberto MosoIban Garcia... Horrez gain, EITBko hainbat aurkezle eta esatarik ere abestu dute "Ez negar egin, gu elkarrekin".

Izan ere, aurten denok gara EITB Maratoiaren kausa, eta erronka zera da: euskal gizarte osoaren sentimendua islatuko duen bertso erraldoi bat sortzea, bertso kate itxura izango duena eta denok elkartuko gaituena, koronabirusaren aurka.

Zelan parte hartu dezaket bertso katean eta EITB Maratoiaren bat egin?

Bertso kateak hasierako bertso bat du, sei bertsolarik Bob Marleyren "No woman, no cry" doinua erabilita sortutakoa. "Ez negar egin, gu elkarrekin" abestia da, eta EITB Maratoiaren webgunean aurkitu dezakegu abesti horren bideoklipa eta letra.

Orain, erronka da hasierako bertso/abesti hori oinarri hartuta katearekin jarraitzea. Hainbat aukera ditugu horretarako:

1.    "Ez negar egin, gu elkarrekin" abestu, esan edo/eta interpretatu daiteke, eta bideoa eitb.eus-era igo. Errazago egiteko, EITB Maratoiaren webgunean eskuragarri dago "Ez negar egin, gu elkarrekin" bideoa karaoke itxuran (letrarekin, baina ahotsik gabe); eta letra ere deskargatu daiteke, PDFan.

2.    Bertso berri bat sortu dezakegu, hasierako hori oinarri hartuta. Bertso berri bat egiten laguntzeko, "Bertso Katea" izeneko web erreminta jarri da martxan, eta hori ere EITB Maratoiaren webgunean aurkitu dezakegu. Errimak proposatu eta silabak kontatzen ditu, eta sortutako bertsoa zuzenean webgunetik partekatzeko aukera ere ematen digu.

Bertso berri bat sortzera animatzen direnek (erremintaren laguntzarekin edo laguntzarik gabe) aukera dute, noski, bertso hori abestu eta bideoa eitb.eus-era igotzeko.

Nora bidali dezaket bideoa?

Joan den urtean bezala, eitb.eus webguneak atal berezia jarri du bertsoak igo ahal izateko, "Zure bertsiorik onena" izenarekin. 

Nola abiatu da bertso katea?

Bertso katea osatzen hasteko, hasierako bertsoa beharrezkoa zen. Beraz, ekimena abian jarri asmoz sei bertsolari bildu ziren: Maddalen Arzallus, Sebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Xabier Euzkitze, Onintza Enbeita eta Aitor Mendiluze. Bakoitzari sentimendu bat aipatu zitzaion, eta sentimendu horri buruz aritu behar zuen bere sorkuntzak. Sentimendu bakoitza, azkenaldi honetan bizi izan dugunarekin oso lotuta dago. Horrela, denen artean bertso komun bat eraiki zuten, gure sentimenduak adierazteko asmoa duena. Eta bertso mundua herritar guztiei hurbiltzea lagunduko duen musika jarri zioten, Bob Marleyren "No woman, no cry" abestiaren doinua.

Aurten, denok gara kausa

"Aurten denok gara kausa. Koronabirusak guztioi eragiten digu". Mezu hori azpimarratu nahi EITB Maratoiak. Horretarako, urtero bezala, pertsona, enpresa, gizarte-eragile eta erakundeen lankidetza eskatuko da, dohaintza-plataformaren bidez. Beste batzuetan bezala, Bizum bidez, banku-transferentziaz, telefonoan edo kalean gertatuko diren ekimen berezien bidez eman ahal izango da dirua. Zehaztasun guztiak eitb.eus-en webgunean daude.

Maratoiaren egun handia

Maratoiaren egun handia abenduaren 17a izango da. Egun horretan dohaintzak hartzeko telefonoan pertsona ezagun andana izango da egun osoan zehar. Horrez gain, EITBko kanal guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta eitb.eus) EITB Maratoiari arreta berezia eskainiko diote elkartasuna sustatu eta koronabirusaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko.