Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Ekitaldia

EITB Maratoiaren aldeko bertso saioak igandean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen

EITB

Hiru hiriburuetako udalen babesaz, eguerdiko 12:00etan izango dira bertso emanaldiak, Bilboko Arriaga Plazan, Donostiako Boulevardeko kioskoan eta Gasteizko Plaza Berrian.

  • 2020ko EITB Maratoiaren irudia

    2020ko EITB Maratoiaren irudia. EITB

EITB Maratoia 2020 azken txanpan sartu da, eta Maratoiaren aldeko bertso saioak antolatu ditu EITBk datorren iganderako, abenduaren 13rako. Hiru hiriburuetako udalen babesaz, 12:00etan, Bilboko Arriaga Plazan, Donostiako Boulevardeko kioskoan eta Gasteizko Plaza Berrian izango dira bertso emanaldiak.

Honako hauek hartuko dute parte igandeko bertso saioetan: Bilbon Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballes arituko dira, eta aurkezlea Jon Gomez izango da. Donostian, berriz, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze arituko dira bat batean, eta Xabier Sukiak aurkeztuko du ekitaldia. Azkenik, Gasteizen, Ismael Diaz de Mendibilek jarriko dizkie gaiak Felipe Zelaieta eta Manu Bendalari.

Bertsoa, aurtengo EITB Maratoiaren ardatz

Abenduaren 17an ospatuko du egun handia aurtengo edizioak, koronabirusa ardatz duela. COVID-19aren ikerketari zuzendutako ekarpenak biltzeaz gain, aurtengo Maratoiak bertso kate luzeena lortu nahi du, eta gizartea aktiboki ari da bertso katea ekimenean parte hartzen. Igande honetan, beraz, aukera egongo da Bilboko, Donostiako eta Gasteizko plazetan bertso kate horrekin bat egiteko.

Horrez gain, bezperan, abenduaren 12an, "EITB Maratoia: Batzen gaituen bertsoa" saioa eskainiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Andoni Egañak, Onintza Enbeitak, Alaia Martinek eta Sustrai Colinak parte hartu duten bertso-saio berezia da, eta EITBko profesionalak izan dira gai-jartzaile lanetan aritu direnak. Illaski Serranok eta Julen Telleriak aurkeztuko dute emanaldia.

Aurtengo bertso kateak Maddalen Arzallusek, Sebastian Lizasok, Oihana Iguaranek, Xabier Euzkitzek, Onintza Enbeitak eta Aitor Mendiluzek osatutako bertsoekin ekin zion ibilbideari. Haietako bakoitzari sentimendu bati buruz idaztea eskatu zitzaion, denbora honetan guztian bizi izan dugunarekin lotura zuen sentimendu bat. Hala, guztien artean gure sentimenduak islatzea xede zuen bertso bat osatu zuten. Hori guztia, bertsoa gizarte guztiari helaraztea ahalbidetuko zuen musika batez baliatuz egin zuten, Bob Marleyren "No woman, no cry". Ordutik, asko izan dira EITB Maratoiaren webgunean bildutako ekarpenak.

Hala, EITB Maratoiaren webgunean daude bideo guztiak ikusgai eta bideo bilatzailearen bitartez aurkitu daitezke bertan. Bideoekin batera, web erremintaren bidez hainbat bertso kate sortu dituzte herritarrek, eta kate hauek guztiak Bertso Kateak izeneko atalean daude irakurgai.