Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Emaitzak

EITB Maratoiak 722.605 euro bildu ditu covid-19aren ikerkuntzarako

EITB Media

Oraindik dohaintzak egiteko aukera dago: larunbatera arte telefonoan eta martxora arte online. Bertso-kateak 1.700 katebegi osatu ditu orotara.

2:13
Covid-19a ikertzen laguntzeko kopuru handia lortu du EITB Maratoiak bere egun handian

EITB Maratoiak 722.605 euro bildu ditu covid-19a ikertzeko. Koronabirusa izan da, hain zuzen ere, EITBk bere 21. maratoi solidariorako aukeratu duen gaia. Euskal gizarte osoaren proiektu solidario bihurtuta, aurten, inoiz baino gehiago, guztiok izan gara kausa. Halaber, EITBk bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie borroka honetan parte hartu duten guztiei, egindako ahaleginagatik eta erakutsitako arduragatik.

Halaber, nabarmentzekoa da Zure bertsiorik onena ekimenaren arrakasta: 1.700 bertso bildu ditu abian jarritako bertso-kateak600 bideo baino gehiago eta sarean 1.000 bertso jasota. Gainera, eitb.eus-ek bideoak jasotzen jarraitzen du, eta guztiak EITB Maratoiaren webgunean ikusi ahal izango dira.

Atzoko elkartasun egun handian zehar dirulaguntzak batzeko ahalegin berezia egin zuten EITBko hedabide guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta eitb.eus). Gainera, 100 aurpegi ezagun inguruk EITB Maratoiarekin bat egin zuten 902 54 25 25 telefonoara egindako deiak hartuz. Bestalde, eitb.eus-en bidez eta Caixabank, Laboral Kutxa eta Kutxabankeko kontuetan ere jaso ziren ekarpenak. Baita Bizum bidez ere. Oraindik kopuruak gora egin dezake, telefonoa zabalik egongo delako larunbateko 22:00ak arte eta Interneten ekarpenak egin ahal izango direlako urtarrilaren 31ra arte.

Euskal gizarteak elkartasuna adierazi nahi izan du beste behin ere; aurten, covid-19aren aurkako borrokan. Osasun-egoerak ez du aukera eman ekitaldi solidario masiboak egiteko, baina herritarrek erantzuten jarraitu dute, baita online ere.

Jasotako milaka ekarpenekin batera, 2.600 dei baino gehiago jaso dira. Jasotako batez besteko ekarpena 78 eurokoa izan da, eta dohaintza errepikatuena 50 eurokoa. Azpimarratzekoa da pertsona batek egindako dohaintza: 10.000 euro.

Atzoko diru-bilketaren egunak beste datu bitxi batzuk ere utzi dizkigu. Adibidez, herri txiki bateko jai-batzorde batek haurrentzako ekitaldietarako sarreren salmentarekin lortutako dirua ematea erabaki du, ez baitzen ziurra ekitaldiak egin ahal izatea. Bi ahizpak 300 euroko dohaintzak egin zituzten, eta 7 urteko haur batek, berriz, itsulapikoa apurtu eta 10 euro eskaini zituen.

Asko eta askotarikoak izan dira jasotako ekarpenak: partikularrak, familiak, enpresak, langileak, elkarteak, erakundeak eta banku-erakundeak. Ildo horretatik, Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak eskerrak eman zizkion atzoko jardunaldiaren amaieran gizarte osoari, enpresei, erakundeei eta partikularrei euskal gizarte osoaren proiektu solidario gisa sendotu den ekimen batean parte hartzeagatik.

Sentsibilizazioa eta diru-bilketa

EITB Maratoiaren bi ildo nagusiek inoiz baino indar handiagoa izan dute aurten: batetik, gaixotasunaren eta prebentzioaren inguruan sentsibilizatzea eta informazioa eskaintzea; eta, bestetik, ikerketarako dirua biltzea. Hala, urtero bezala, EITB Maratoiaren kanpainaren helburuetako bat izan da BIOEF Osasun Sailaren fundazioaren bidez ikerketarako dirua biltzea, Osakidetzan ikerketa eta berrikuntza sustatu eta kudeatzeko. Hilabete hauetan 90 ikerketa-ekimen baino gehiago garatzen ari dira, eta horretarako, Euskadik 3.900 paziente baino gehiagoren 30.000 lagin ditu.

Amaitzeko, EITB Maratoiaren kanpainarekin bat egin duten erakunde, elkarte eta enpresen laguntza eskertu nahi du EITBk:

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, EUDEL eta Euskadiko udalerriak, Bertsozale Elkartea, Orona, Euskaltel, Metro Bilbao, Vital Fundazioa, Caixabank, Laboral Kutxa, Irizar, Eroski, Mutualia, CIE Automotive, SS Hard-Versia, Zabalgarbi, Fundibide, Euskotren, Euskadiko Parke Sarea, San Juan Administrazioa, Kaiku, Lumagorri, Arin Innovation, Aita Menni, Mu, Erreka, Ampo, Inetum/GFI Norte, Smurfit Kappa eta Boslan.

Eskerrik asko guztioi!