Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Covid-19

BIOEFek ikerketarako laguntzen deialdia ireki du EITB Maratoiaren dohaintzekin

EITB Media

2020ko EITB Maratoiak 809.026,80 euro bildu zituen covid-19aren inguruko ikerketa proiektuetarako. Laguntza jaso nahi duten proiektuak aurkezteko epea ireki du orain BIOEFek.

  • 2020ko EITB Maratoiaren aurkezpena.

    2020ko EITB Maratoiaren aurkezpena. Argazkia: EITB Maratoia.

EITB Maratoiak 2020an bildutako dohaintzekin finantzatuta, BIOEFek covid-19aren ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia argitaratu du eta 809.026,80 euro bideratuko ditu arlo horretako ikerketara. Deialdia apirilaren 21ean onartu zuen Gobernu Kontseiluak eta 2021eko maiatzaren 7ko EHAAn (88. zk.) argitaratu da.

EITB Maratoiaren bi ildo nagusiek inoiz baino indar handiagoa izan zuten 2020ko ekimenean: batetik, gaixotasunaren eta prebentzioaren inguruan sentsibilizatzea eta informazioa eskaintzea; eta, bestetik, ikerketarako dirua biltzea. Hala, urtero bezala, EITB Maratoiaren kanpainaren helburuetako bat izan zen BIOEF Osasun Sailaren fundazioaren bidez ikerketarako dirua biltzea, Osakidetzan ikerketa eta berrikuntza sustatu eta kudeatzeko.

Euskal gizarteak elkartasuna adierazi zuen beste behin ere; kasu honetan, covid-19aren aurkako borrokan. Osasun-egoerak ez zuen aukera eman ekitaldi solidario masiboak egiteko, baina herritarrek erantzuten jarraitu zuten, guztira 809.026,80 euro lortuz.

Laguntzak covid-19aren ikerketa biomedikoko proiektuetarako dira eta ikerketa sanitarioari laguntzeko ildo honetan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileak izango dira onuradunak.  Ezinbesteko baldintza izango da ZTBESko gutxienez agente batek parte hartzea ikerketa sanitarioko zentroen kategorietan. Ikerketa-proiektuek bat, bi edo hiru urteko iraupena izan dezakete. Proiektu berriak izan daitezke, aldez aurretik kanpoko finantzaketarik gabe, edo, bestela, dagoeneko jardunean dauden eta kanpo-finantzaketa nahikoa ez duten proiektuak, laguntzak gauzatzeko epea eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

Laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.