cerrar buscador

EITBk 40 urte betetzen dituenean, saio eta une gogoangarri batzuk gogoratu

EITB 40

10:48

EITB 40

Ekimen eta eduki bereziak

40. urteurrena ospatzeko hainbat ekimen eta eduki berezi eskainiko ditu EITBk

EITB Media

Aste osoan zehar, EITBren hedabideek 40. urteurrenari buruzko eduki eta programazio berezia eskainiko dute telebistan, irratian eta Interneten.

  • EITB 40 URTE

    EITB 40 URTE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak EITBren Sorkuntza Legea onartu zuenetik 40 urte beteko dira aste honetan, eta ikus-entzunezko taldearen hedabide guztiek eduki eta programazio berezia eskainiko diote urteurrenari. Halaber, hainbat ekimen berezi antolatu ditu EITBk urtemuga ospatzeko.

Ekimen bereziak

Urtarrilaren 1etik, Euskal Telebistak irudi berria dauka, Mikel Urmeneta artista eta ilustratzaileak egindako diseinu ausartak euskal kultura eta tradizioa ardatz hartuta sortu du irudia berria.

Bestalde, sorkuntza legearen urtemuga ospatzeko, euskal politika, gizarte, ekonomia eta kultur alorreko ordezkaritza zabalarekin, ekitaldi instituzionala antolatu zuen EITBk Bilboko Guggenheim Museoan maiatzaren 16ean, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren parte hartzearekin.

Guggenheimeko ekitaldian, gainera, Euskadiko Orkestrarekin aliantzan, Xabier Otaoleak EITBren 40. urteurrenaren harira sortu duen fanfarria estreinatu zuen. Azken 40 urteetako telebista eta irratietako doinu ezagunenak bilduko ditu pieza musikalak. Euskadiko Orkestrak ere 40 urte beteko ditu aurten, eta bi urteurrenak elkarrekin ospatzeko asmoarekin, kontzertu berezia prestatu dute datorren azaroaren 11n Kursaal Jauregian.

Horrez gan, euskal gizartearengatik hurbil egoteko asmoz, EITBren eduki eskaintza zabal eta anitza kalera aterako du berriz BIZI EITB jaiak. Aurtengoa 40. urteurrenaren baitan antolatutako ekimen handia izango da, urriaren 15ean.

Bestalde, ONCEren maiatzaren 19ko kupoiak EITBren 40 urteurrenaren irudia eramango du. Guztira, estatu osoan 5 milioi kupoi banatuko dira. Martxan jarri diren ekimen berezien artean, halaber, EITBk Euskotren Ligako patroi onenaren saria emango du 40. urteurrena hizpide hartuta. Emakumeek kirol munduan duten indarra eta presentzia bultzatzeko helburuarekin,  Euskotren Ligako patroirik onenak EITB Sariaren maillota jantziko du.

Gainera, EITBren 40 urteetako mugarri nagusienak argazki eta bideoen bidez bilduko dituen Timeline edo kronologia bat estreinatuko du eitb.eus-ek maiatzaren 20an.

Amaitzeko, aurten ere EITBk ikusgarritasuna izango du UPV/EHUko Udako ikastaroetan: Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITB 40 ikastaroan parte hartuko du, uztailaren 22an, 40. urteurrenaren harira. Uda Ikastaro honek hiru gai nagusi jorratuko ditu. Lehenik, Europa mailako gogoeta egingo dute, 2030 urtera begira, ikus-entzunezko (irrati, telebista, Internet) hedabideen konbergentzia, eraldaketa, eta gizarte-eragina aztertuko dute. Bigarrenez, Europako hizkuntz gutxituetako irrati eta telebisten erronka eta estrategien inguruan arituko dira. Azkenik, zerbitzu publiko modura, Euskal Irrati Telebistaren (EITB) garrantziaz hitz egingo dute –lehen, orain eta etorkizunean– eta 2022an duen 40. urteurrenaren inguruan gogoeta egingo dute.

Programazio berezia telebistan

Aste osoan zehar,  Euskal Telebistako saio ezberdinek eduki bereziak eskainiko dituzte 40. urteurrena hizpide hartuta.

"Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan hiru erreportaje eskainiko dituzte. Hasteko, Estepan Aldamiz-Etxebarria eta Unai Iparragirre bilduko dituzte azken 40 urteetan telebista nola aldatu den aztertzeko. Bestalde, EITBk diasporan izandako presentziaz arituko dira Jose Felix Azurmendirekin. Amaitzeko, ETBko historiako aurpegi ezagunekin egongo dira.

ETB1en, eguneroko "Biba Zuek!" saioko Jon Garate artxibo jaunak, egunero, telebista genero-tematika zehatz bat landuko du, ETBn izan diren saio desberdinetan oinarrituta: lehiaketak, haurrak, telesailak, aktualitatea, etab. "Herri Txiki, Infernu Handi", "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "Piztu Telebista" saioetan ere 40. urtemugari buruz arituko dira.

Bestalde, "Zurekin Bat", "Esto No Es Normal" eta "Atrápame Si Puedes" lehiaketetan ETBren ibilbidearen eta saioen inguruko galderak txertatuko dituzte. "Esto No Es Normal" saioan, gainera, Nerea Alias eta Igor Siguero aurkezleek telebistan egindako ibilbidea gogoratuko dute.

ETB2ko "En Jake"k 40 urte hauetako albiste garrantzitsuenen errepaso bat egingo du:  albiste bat landuko dute egunero ikuspegi ezberdinetatik, albistea egin zuen kazetariarekin egongo dira eta ETBn eman zitzaion trataera aztertuko dute, besteak beste.

"Nos Echamos a la Calle" saioak 40 urteetako historia errepasatuko du hamarkadaz hamarkada, eta irudiekin batera, protagonistekin elkarrizketak eta kale-inkestak egingo ditu aste osoan.

Amaitzeko, "El Conquistador del Fin del Mundo" realityaren debatean, Isma Pereirak eta Oizeder Mayok Informe Conquis atalean, saioaren 18 urtetako historiaren momenturik onenak bilduko dituzte.

Programazio berezia irratietan

Euskadi Irratian, denboraren makina martxan jarriko du "Albiste Faktoria"k, 07:50ak aldera. Gure egunerokoan, EITB zein barneratuta egon den azalduko dute hamarkadaz hamarkada, entzundako sintonia eta ahotsak errekuperatuta. Halaber, saio eta lorpen nagusiak gogoratuko dira.  

Horrez gain, ostiralean, maiatzak 20, "Faktoria Magazina"k 40 urteurrenaren inguruko saio berezia eskainiko du. EITBren ikurrak gogoratu eta sortzaileekin hitz egingo dute: besteak beste, txoria, tortolika edo "Goenkale"ko Boga-Boga taberna ekarriko dituzte gogora. Gainera, Hanburgora EITB sortzeko formazioa jaso zutenekin ere hitz egingo dute.

Radio Euskadiri dagokionez, asteleheneko "Boulevard" saioa 40. urteurrenari buruzko berezia izan zen, publikoarekin, Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Bertan, azken lau hamarkadetan EITB eraiki duten ahots eta aurpegi nagusiak izan zituzten gonbidatu: besteak beste, albistegietako lehen aurkezleak, taldeko irratietako esatari nabarmenenak, eta ETBko telesail eta fikzio ezagunetako aktoreak.

Halaber, asteleheneko "Distrito Euskadi"ren parte bat Guggenheim Bilbao Museotik egingo dute, bertan ospatuko den ekitaldi instituzionalaren berri emanez. Bestalde, egunero, Radio Euskadik azken 40 urte hauetako albisteen berri nola eman zuen gogoratuko duten pilula edo informazio tarte laburrak eskainiko dituzte.

eitb.eus

eitb.eus atarian 40. urteurrenari buruzko eduki guztiak bilduko dituen webgune berezia sortu dute. Bertan, telebista eta irratiko eduki berezi guztiak bilduko dituzte. Halaber, bideo historikoen hiru bilduma izango dituzte: Aurpegi ezagunen bitxikeriak, ETB1 eta ETB2ko momentu itzelak eta EITBren historia.

EITB Nahieran plataformak, bere aldetik, playlist bereziak sortu ditu eta azken 40 urteetako saio esanguratsuenen lehen atalak ikusteko aukera emango du.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.