Itxi

EITB 40

EITB 40

EITB 40

Ekitaldi instituzionala

Urkullu: "EITBk informazioaren eta entretenimenduaren bidez gure hizkuntza indartu du"

EiTB Media

Era berean, duela 40 urte EITB sortzeko proiektuari heldu zioten aitzindarien lanaren garrantzia azpimarratu du buruzagiak.

  • Iñigo Urkulllu lehendakaria EITBren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionalean.

    Iñigo Urkulllu lehendakaria EITBren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionalean.

Iñigo Urkulllu lehendakariak EITBko langileen lana eskertu nahi izan du: "Informazioaren eta entretenimenduaren bidez gure hizkuntza eta kultura, gure bizi modua eta nortasuna indartu duzue. Gure izaera eta bizimodua erakusten duten irudi eta soinuekin gure herriaren eta gizartearen ikus-entzunezko ondare aberats bat sortu duzue".

Era berean, duela 40 urte EITB sortzeko proiektuari heldu zioten aitzindarien lanaren garrantzia azpimarratu du buruzagiak.

Lehendakariak EITBren aitzindaritza goraipatu du: "EITB aitzindari izan zen gauza askotan, eta gu guztiok ere aitzindariak izatera 'behartu' gintuen: erakundea eratzeko eta hilabete gutxi batzuetan lehen emankizunak eskaintzeko aitzindaria, mota guztietako saioak munduan zehar erosteko edo bertan ekoizteko, Euskadin ikus-entzunezkoen industria berri bat sustatzeko, euskara saio guztietara ekartzeko eta munduan bizi diren euskaldun guztiei eramateko aitzindaria izan zen EITB".

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak urte hauetan guztietan egin den lan eta ahalegina azpimarratu ditu, "gaur egun Euskadiko komunikazio-talde liderra izatea posible egin duena". Halaber, "Europan eta munduan eskaintza elebiduna duen kasu bakarra da EITB taldea", adierazi du.

"Bihotzetik eta profesionaltasunez egindako proiektua da EITB, berezko izaera duena, eta sortu zenetik, euskara, kultura, euskal framea eta zerbitzu publikoa dira bere betebehar nagusiak", azpimarratu du.

Etorkizunari begira, "kontsumo eta hedabide digital berrien aurrean euskal ikus-entzunezkoen eta euskarazko edukien bermea izan behar du", gaineratu du Aldekoak.

"Gure komunikabideak euskal gizartearentzako erreferentzia izanik, informazioan eta zerbitzu publikoan, gazteekin konektatuz, munduari euskal leihoa irekiz, eta EITB proiektuaren iraunkortasuna bermatuz", nabarmendu duenez.