EITB TALDEA
Sanferminen emozioa, EITBn
Txupinazoa, entzierroak eta askoz gehiago, hamar egunez, edukiz betetako EITBren programazio berezian
EITB
San Fermin jaiak abiapuntu hartuta, programa berriak, jaiekin eta kulturarekin lotutako emanaldiak eta kirol eskaintza zabala izango ditugu uda honetan ETBn. Iazko arrakastaren ondotik, EITBk zuzenean eskainiko ditu Faltzesko entzierroak.
-
Sanferminak 2025, EITBn
San Fermin jaien emozio eta giroa hurbiltzeko ahalegin berezia egingo du EITBk beste behin. Uztailaren 6tik 14ra bitarteko programazio bereziaren berri eman eta udako nobedadeak aurkezteko ekitaldia egin du Iruñeko udaletxeko plazan Unai Iparragirre ETBren zuzendariak. Alboan izan ditu protagonista izango diren aurkezle, erreportari eta kolaboratzaileetako batzuk.
Txupinazoarekin hasiko da EITBren programazio berezia ETB1en eta eitb.eus-en. Ilaski Serranok eta Martxelo Sotesek egingo dute kontakizuna uztailaren 6an, 10:45etik aurrera, Egoitz Txurruka, Iñigo Ziganda eta Joseba Olagarai erreportariekin batera. Entzierroak eta aurreko kantuak zuzenean eskainiko dira egunero "Entzierroak 2025" saioan, 07:40etik aurrera. Nerea Reparaz kazetari nafarrak gidatuko du programa eta hiru erreportari izango ditu lagun: Anabel Arraiza, Joseba Olagarai eta Iñaki Ainciburu. Egunero gonbidatuak hartuko dituzte EITBren set berezian eta kaleko giroa jasoko dute erreportaje eta zuzenekoen bitartez.

Ilaski Serrano eta Klaudio Landa
EITBko irratietan ere jarraitu ahal izango dira txupinazoa eta entzierroak. Euskadi Irratian Eli Erasok eta Olatz Baldak egingo dute txupinazoaren kontakizuna, eta Iñaki Berastegik eta Andoni Amadozek entzierroena; Radio Euskadin Aritz Agirrek eta Aitor Perezek gidatuko dituzte bi emanaldiak. Bestalde, "Biba Zuek!" saioa Iruñetik egingo a zuzenean uztailaren 7an eta "Quédate" 7, 8 eta 9an. "La Otra Cara" sanferminen ingurukoa izango da uztailaren 11n, eta egun horretan bukatuko du denboraldia "Navarra Hoy" saioak, jaien inguruko berezi batekin.

Aritz Agirre
Aurten lehen aldiz MAKUSI haur eta gaztetxoentzako EITBren plataformak gunea izango du Takonera parkean, etxeko txikienei zuzendutako jarduerekin. Gainera, egun horietan "Gora Musika Erraldoia" jaialdia ikusgai egongo da plataforman, berriki Navarra Arenan grabatutakoa.
Urtero bezala, San Ferminetako pilota txapelketak ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai: bai eskuzkoa (emakumezkoena zein gizonezkoena), baita erremontekoa ere. Halaber, EITBko irratietan, webgunean eta sareetan ere gertutik jarraituko dituzte kirol hitzordu guztiak.

Abel Barriola, Mikel Idoate
Sanferminetako programazio berezia osatuko dute hiru emankizun hauek: Caparrosoko Jota Jaialdia (uztailak 5), Puro Relajoren kontzertua (uztailak 12) eta "Gaixoa Ni" ekitaldia (uztailak 14).

Udako nobedadeak ETBn
Iruñean egindako ekitaldian izan dira, halaber, ETBren udako programazioaren protagonistetako batzuk. Iazko arrakastaren ondoren, Amaiur Elizarik Faltzesko entzierroen zuzeneko emanaldiak gidatuko ditu berriz ere, abuztuaren 17tik 24ra bitartean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Anabel Arraiza eta Agus Barandiaran
Nerea Aliasek aurkezten du "Uda-Pasa" saioa, astelehenetik ostegunera, ETB1en, gauero. Bestalde, igande honetan bueltan ditugu Anabel Arraiza eta Agus Barandiaran, "Erromerian" saioaren bigarren denboraldiarekin. ETB2n, "Estamos Rodando" saioa estreinatuko da uztailaren 7an. Jon Plazaola aktoreak Euskal Herriko bazterrak erakutsiko dizkigu zinemaren ikuspegitik.

Nerea Alias
Abuztuan, urtero legez, Gasteizko Donostiako eta Bilboko jaietan egongo da ETB. Zuzenean emango dira "Zeledonen Jaitsiera", "Artillero" eta "Marijaiaren Etorrera", baita Donostiako eta Bilboko su festak ere, Ilaski Serranoren eta Klaudio Landaren eskutik. Halaber, musika eta dantza emanaldiak eskainiko ditu larunbat gauero "Oholtzan" saioak.
Sanferminekin batera, asteburu honetan iritsiko dira ETB1eko programaziora Frantziako Tourra eta Euskotren eta Eusko Label arraun ligak. Abuztuan Donostiako Klasikoa eta irailean Donostiako Bandera izango ditugu, eta kirol eskaintza osatzeko, udako pilota torneo garrantzitsuenak eta dagoeneko jokatzen ari den "Plazandreak" txapelketaren laugarren edizioa.