EITB TALDEA
RADIO VITORIA
Argi eta soinuzko ikus-entzunezko show handiarekin ospatu ditu Radio Vitoriak bere 90 urteak
EITB Media
'Batzen gaituen ahotsa' izeneko ikuskizunak azken 90 urteetako gertaera garrantzitsuenen atzera begirako bisual eta erakargarria egin du irratiaren soinuaren bidez, dantza eta musika emanaldiak biltzen dituen eszenaratzeaz lagunduta.
-
Andre Maria Zuriaren Plazan egindako da ikuskizunaren irudia
Ikus-entzunezko argi eta soinu ikuskizunarekin ospatu ditu Radio Vitoriak bere 90 urteak, ostegun honetan. Andre Maria Zuriaren plazan izan den ekitaldia maiatzerako zegoen iragarrita, baina eguraldi txarra egin behar zuela eta, azkenik irailean izan da.
Plazaren irudia
Batzen gaituen ahotsa izeneko ikuskizunak azken 90 urteetako gertaera garrantzitsuenen atzera begirako bisual eta erakargarria egin du, irratiaren soinuaren bidez, dantza eta musika emanaldiak biltzen dituen eszenaratzeaz baliatuta. Zuzenean eman da GUAU plataforman.
Lehen solasaldiaren irudia
Horretarako beren-beregi diseinatutako agertoki nagusiak San Migel elizako espazioak izan dira. Fatxadaren gainean, balkoi artean eta eskaileretan egin dira ikuskizunaren emanaldiak eta performancea. Bertan, Iñaki Palacios musikariak eta bere bandak, Demode Quartet konpainiak, Amezti dantza taldeak eta DAB dantza konpainiak hartu dute parte.
Ikuskizunaren aurretik, Arabako irratiak saio berezia egin du San Migel elizako balkoi ondoan kokatuko den set berezian, Pilar Ruiz de Larreak eta Unai Ugartek gidatuta. Bertan bi solas-mahai izan dituzte, eta ondoren ikuskizuna egin dute, zuzenean, plazara bertaratu ezin duten entzuleek ere ospakizunaz goza dezaten.
Bigarren solasaldiaren irudia
Lehen solasaldian, Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak hartu dute parte. Hedabideen artean irratiak duen garrantziaz eta EITBk Araban egiten duen lanaz mintzatu dira, besteak beste. Bigarrengoan, arabar gizarteko hainbat ordezkari izan dituzte mintzakide.
Ekitaldira batu dira, halaber, erakundeetako ordezkariak; Arabako gizarte, kirol eta kultur munduko aurpegi ezagunak, eta 90 urte hauetan irratian kolaboratzaile izandakoak.

