Itxi

EITB TALDEA

Zinemaldia

Jose Ramon Soroizek Zilarrezko Maskorra irabazi du, EITBren parte-hartzea duen "Maspalomas" pelikulagatik

EITB

"Aro berria" (Irati Gorostidi) eta "El último arrebato" (Marta Medina eta Enrique López Lavigne) lanek ere aipamen berezia jaso dute aurtengo edizioan. Hirurek dute EITBren babesa.

  • Jose Ramon Soroiz

    Jose Ramon Soroiz

Euskal zinemak bizi duen momentu bikainaren erakusleiho eta isla izan da Donostian bukatu berri den 73. Zinemaldia, edizio historikoa izan baita hau gure zinemarentzat. Jaialdiarekiko babesa indartzearekin batera, EITBk berretsi egin du ikus-entzunezko sektorearekin eta industriarekin duen konpromisoa, eta, hala, EITBren parte-hartzea duten hiru lanek aitortza lortu dute larunbatean, itxiera ekitaldian.

Jose Ramon Soroiz aktoreak interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi du, Maspalomas filmean egindako lanagatik. Epaimahai ofizialak Zhao Xiaohong aktore txinatarrarekin ex aequo eman dio golardoa legorretarrari. Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako pelikulak, gainera, Sebastiane saria ere jaso du aurtengo edizioan.

Kursaaleko ekitaldian beste bi aipamen lortu dituzte EITBren parte-hartzea duten lanek: Kutxabank-New Directors saileko epaimahaikideek aipamen berezia egin diote Irati Gorostidi Agirretxeren Aro berria lehen filmari; eta Irizar sariaren epaimahaiak ere aipamen berezia eman dio Marta Medina eta Enrique López Lavigneren El último arrebato lehen filmari.