Itxi

EITB TALDEA

Administrazio kontseilua

EiTBk 121,8 milioiko aurrekontua izango du 2014. urtean

Erredakzioa

Gastuak doitzea eta kopururik handiena telebista edukietara zuzentzea izango dira helburu nagusiak.

  • Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia. Artxiboko irudia

    Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia. Artxiboko irudia

EiTBko aurrekontua 2014. urtean 121,8 milioi eurokoa izango da, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak urriko Administrazio bileran adierazi duenez. Aurrekontu estua da, aurreko bi urteetako joerari eutsiz. Helburu nagusiak gastuak doitzea eta kopururik handiena telebista edukietara zuzentzea dira. Kontseilukideek aurrekontuaren bozketa egin dute eta honakoa izan da emaitza ez loteslea: 10 boto aurrekontuaren alde, 6 ezezko eta 2 zuri.

EiTBko zuzendari nagusiak publizitate sarrera %4 igoko dela iragarri du, 2013rekin alderatuta. Aldiz, beste diru sarrera batzuk nabarmen jaitsiko direla ere adierazi du. Hartara, 107,3 milioi eurokoa izango den dirulaguntza publikoarekin orekatuko da jaitsiera hori. Ingurumari honetan, EiTBk euskarazko barne produkzioaren aldeko apustu estrategikoarekin irmo jarraitzen du.

Bestalde, joan zen hilabeteko bileran, Estrategia Planaren zirriborroa aurkeztu ondoren, testuan egin diren azken aldaketen berri eman die zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluko kideei. Bereziki, ETAren indarkeria baztertzeko EAJk, PSEk eta PPk adostutako aipamena duen ahapaldia jakinarazi die Maite Iturbek.

Honako hau dio erantsitako testuak: "Batik bat, ETA erakundeak eragindako terrorismoa eta eskubideen urraketa ohikoak izan diren aldi luze baten ondotik, euskal gizartea garai berri batean bizi da. Garai hori bakea eraikitzeko baliatu behar dugu, bizikidetza suspertu eta sendotzeko, biktimen oroimena eta duintasuna gordetzeko, egindako kaltea aitortzeko eta oraingo nahiz etorkizuneko harremanak giza eskubideen eta demokraziaren errespetu osoan funtsatzeko. Erantzukizun historiko horri eusteko, behar-beharrezkoak ditugu oinarri etiko indartsua eratzea eta eragile guzti-guztiekin elkarlanean aritzea. Euskal Irrati Telebista herri-erakundea sortzeko Legearen 3. artikuluaren edukiari jarraiki, EiTBk konpromisoa hartzen du, euskal erakundeekin koordinatuta, gizarte sentiberatasuna gogotik lantzeko terrorismoari zilegitasuna kentzeko eta herritarren artean tolerantzia, askatasun eta aniztasunaren inguruko balioak zabaldu eta sustatzeko".

ETBk  2012ko audientzia emaitzei eutsi die

Audientzia emaitzei dagokienez, ETBk iaz urtarriletik irailera bitartean eskuratu zituen audientzia emaitza berberak lortu ditu sasoi berean, %13,2ko audientzia zatia hain zuzen ere. 2011. urteko epe berberean baino bi puntu gehiago ditu, hain zuzen ere. Horrez gainera, ETB bigarren telebista talde autonomikoa da, Kataluniako telebistaren atzetik. Beste berezitasun bat ere azpimarratu nahi izan du zuzendaritzak: La Sexta telebista izan ezik gainontzeko telebista generalista guztiek behera egin dute epe honetan eta ETBk, audientzia zatiari eutsi dio.

Aipagarria, halaber, 'Teleberri' albistegiak lidergoa berreskuratu izana: %17,3ko audientzia zatia erdietsi du, bataz beste, hurrengo lehiakideak baino ia puntu bat gehiago lortuz.

Bestalde, sareko emaitzak ere jakinarazi dituzte urriko bilera honetan: eitb.com-ek, urtarriletik irailera  1.506.743 erabiltzaile bakar izan ditu eta 10.104.304 orri bisitatuak, azken emaitza honen arabera iazkoarekin alderatuta %35,1 igo da EITBko web gunea.

Finantza-zuzendari berria

Bestalde, Maite Iturbek EiTBko finantza-zuzendari berriaren izendapena ere eman du jakitera. Javier González Calvo (Bilbo, 1977) izango da aurrerantzean finantza eta ekonomia zuzendaria. Enpresen administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua, finantza eta kudeaketa espezialitatean, Deustuko Unibertsitatean. Orain arte, informazio eta prestakuntza teknologietan aholkularitza zerbitzua ematen duen Consultec enpresan aritu da, finantza zuzendari eta zuzendaritza nagusiaren ondoko modura.