Itxi

EITB TALDEA

Iritzia

EiTB, etorkizun partekatuko proiektu bat

M. Iturbe, EiTB-ko zuz. nagusia

2013-2016 aldirako Plan Estrategikoak EiTB berriro pentsatzera bultzatzen du, haren egiturek eta kontzeptuak, 1980ko hamarkadakoak izan ordez, egungo erronkei aurre egin diezaieten.

Aurreko astean, aipatzekoak diren bi gertaera garrantzitsu izan ziren komunikabide publikoen esparruan: batetik, EiTBk ehun profesional eta zuzendari inguru bildu zituen 2013-2016 aldirako Plan Estrategiko berria aurkezteko, azaltzeko eta harekin gogoberotzeko; berri-agentziek, bestetik, mezu kezkagarriak igortzen zituzten, RTVV Valentziako Irrati Telebistaren itxiera iragarrita.

Gure erkidegoarentzat zorionez, EiTBk oraintsu aurkeztutako Plan Estrategikoak euskal komunikabide publikoentzako proiektu bat dagoela berresten du. Une hauetako zailtasuna kudeatu behar du proiektu horrek, eta bidea garbitu, krisi ekonomikoko une zail honetan etorkizuneko aukerak zein diren eta non dauden zehazteko.

Euskal gizartearen barruan eta euskal gizartearekin egoteko eginkizuna du EiTBk; informazio baliotsua eskaini behar du, eta berezko komunikazio-espazio bat garatu, dibulgaziokoa eta entretenimendukoa, pertsonen bizitza aberastera bideratutakoa. Espazioak, halaber, gizarte-kohesioa lagundu eta sustatu behar du, aniztasunaren balioarekiko errespetua oinarri, eta, azkenik, euskararen inguruko bat-egiteak eragin behar ditu, gure hizkuntzaren normalizazioa eta erabilera sustatuz.

Gure gizarteko sektore guztietako berrehun ordezkari baino gehiagorekin elkarrizketa ireki eta zintzo bat izan dugu, plana garatu aurretiko gogoeta estrategikoaren barruan. Ondorioa da EiTBk EiTBago izan behar duela, zerbitzu publiko gehiago eta hobea, alegia. Gure ustez, Euskadi demokratiko batean, ez dago Legebiltzarrak kontrolaturiko eta kontuak euskal gizarteari bakarrik ematen dizkion EiTB publiko bat baino kontrapisu eraginkorragorik.

EiTBren funtsezko eginkizun bat informazioan lidergoa lortzea da. Egunero, milioi bat euskaldunek baino gehiagok EiTBren bidez jasotzen dute gertatzen denaren berri. Euskadi aberatsa da komunikabide-aniztasunari dagokionez, eta sentsibilitate guztiak daude islatuta. Beharrezkoak dira horiek guztiak. EiTBko hedabide guztiak ahalegintzen dira zerbitzu publikoaren arloan, baina batez ere Radio Euskadi eta ETB2. Baliabide nagusiak aktualitatera eta informaziora zuzentzen dituzte bi kate hauek.

EiTBk euskal gizarteari bakarrik men egiten dionez, komunikabide-aukera zabalaren barruan, aniztasuna da hobekien identifikatzen duen ezaugarria, eta, ziur aski, aniztasun hori da lortutako informazio-lidergoaren eta gizarte-ospearen arrazoi nagusia. Era berean, aniztasunaren eztabaidaren barruan interesen ezkutuko borroka bat dago; eta interesatutako alde bakar bat ere guztiz pozik ez egotea ez da batere txarra EiTBrentzat.

Euskarazko komunikabideen egoera beste kontu bat da. Gizartearen pertzepzioa gertaeretatik oso urruti dago, eta, ziur aski, ez gara horren jakitun. EUSTATen azken txostenak, 2011koak, hautematen duguna baino gizarte askoz euskaldunago bat erakusten du. Bi urte eta 55 urte arteko herritar gehienek euskaraz hitz egiten dute, edo ulertu egiten dute, duten adina edo jaioturtea edozein dela ere. Zazpi urte barru –2021ean, alegia– gehiengo euskalduna 65 urtera zabalduko da.

Gizarteaz dugun hautematea datu horiekin bat ez etortzeko arrazoia euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko disoziazioa da. Euskararen agerpena egokitu eta modulatuko dugu EiTBn oraingo datu soziologikoak baliatuta. Gerta liteke euskarazko adierazpenak entzutea euskaldunak zirenik ere pentsatzen ez genuen pertsonei. Deigarria da unibertsitateek, EHUk zein Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak, euskarazko eskaintza handia edukitzea, eta komunikabide pribatuetan horrelakorik ez egotea. Garaiak aldatu egin dira: hobekien prestatutako biztanleak hirueledunak dira; biztanle gehienak eta merkataritza-interes handiena dutenak elebidunak, eta, gero eta gutxiago dira elebakarrak. Hori horrela izanik, aberasgarria izango litzateke herrialdearentzat EiTBn hasiko ditugun normalizazio-pausoak komunikabide guztietara hedatuz joatea.

Horregatik guztiagatik, euskarazko komunikabideen aldeko apustu bat bultzatu behar du EiTBk. Hortaz, euskara gero eta gehiago agertuko da komunikazio-hizkuntza gisa gaztelania duten komunikabideetan, baina modu oso natural batean. Gizarteak EiTBri egindako eskaritzat dugu, eta euskal esparru politiko osoaren babesa du. Konpromiso hori gauzatzeko programazio berriko ia hamar ordu gehiago egongo dira egunero ETB1en, ETB3 indartu egingo dugu haur eta gazteentzako kate modura, eta euskarazko programazio-tarte handiagoak egongo dira etorkizuneko ETBHDn. Kanaletan ikusle euskaldunak urtean % 10 gehiago izatea nahi du EiTBk, euskarazko edukien kontsumo metatuari dagokionez.

Halaber, irratian beste ahalegin bat egin nahi dugu. Euskal kasua oso berezia da; irrati-merkatuko kuotaren % 40 duen beste enpresa publikorik ez dago, EiTBk baino ez du kuota hori. Euskarazko irratian hazteko aukera bat dago, bereziki Bizkaian. Euskadi Irratiaren sendotasunari eta Gaztea irratiak gazteen artean duen indar handiari eutsiko diegu. Interneten euskarazko edukiak eskuratzen dituzten erabiltzaileak urtero % 4 gehiago izatea nahi dugu; era horretan, eitb.com webgunearen erabiltzaileak hilean bi milioitik gora izatea lortu ahal izango dugu.

Barnean hartzen dituzten komunikazio-enpresen interesen araberakoak izaten dira komunikabideen editorialak. Hala, zenbait komunikabidetako danbor-hotsek hizketaldietan iragartzen dutenaren arabera, erkidegoetako irrati-telebistak, ez denak baina gehientsuenak behintzat, eta batez ere hizkuntza propioa ez badute, itxi egin behar dira. Baina Euskadin, danborren zarata ez, txalapartaren erritmoa behar dugu, hilzorian zegoenean bere burua asmatzen eta Madonnaren eskutik XXI. mendeko agertokietara iristen jakin baitzuen. EiTB proiektu sendoa da, inoiz baino beharrezkoagoa gizarteak eta giza taldeek homogeneotasun eta pentsamendu bakarrerantz jotzen duten garaiotan. Lau urteotan, liftinga ere egin du EiTBk, eta berrazterketak zein murrizketak eginez lehen baino eraginkorragoa da egun. Emaitza oso duinak erdietsi ditu horri esker; 2011koak baino hobeak izango dira 2013 amaieran lortuko direnak.

Danbor-hotsak zabaltzen dituztenek gehiegikeriez zein neurriz kanpoko gastuaz hitz egiten dute. Beharbada, zenbait tokitan egia izango da, baina ez Euskadin. Merezi du gogoratzeak gure erkidegoari eman dizkiogun zenbait zerbitzu garrantzitsu: hizkuntza-errealitatearekiko errespetutik abiatuta, A, B eta D ereduak dituen prestakuntza arautua planteatu dugu hemen; euskaraz zein gaztelaniaz ikasteko aukera ematen duen unibertsitatea; eskaintza bikoitza –gaztelaniaz nahiz euskaraz– duen irrati-telebista multimedia. Gure hezkuntzak, ezinbestean, ez ditu kostu berak izango Madril, Munich, Milan edo Helsinkikoarekin alderatuz gero. EiTBk ere kostu ezberdinak ditu. Kostu ezberdinak edukitzeak ez dakartza nahitaez eraginkortasun eta produktibitateko ratio okerragoak. Horrenbestez, geure buruarekin zorrotzak izan behar dugu, baita oso zorrotzak ere, baina ez dugu geure burua alferrikako konparazioetan nahasi behar.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 1 da EiTBren 2014ko finantzazio publikoa. EiTBren finantzaketa hori ikus-entzunezko euskal industrian eginiko inbertsio bat ere izan dadin lortu behar dugu, halere; era horretan, erkidegora aberastasuna modu proportzional batean itzultzea bermatuko du. Gainera, enpresa-alderdian ere erantzukizunez jokatu behar dugu: Eusko Jaurlaritzak EiTBn eginiko ekarpen guztiak herrialdean inbertitu behar dira, euskal industriaren eta enpresen sustapen ekonomikoaren eragilea baita EiTB.

Laburbilduz, komunikazio-talde publiko propio batean inbertitzeak tresna baliotsu bat ematen dio herrialdeari gizarte-kohesioa indartzeko, euskararen normalizazioa bultzatzeko eta euskal kultura sustatzeko, baita beste arlo oso garrantzitsu baterako ere, berezko komunikazio-esparru bat sortzeko eta mantentzeko, Euskadiko ekonomiarentzat eta enpresentzat interesgarriak diren publizitate eta sustapenerako leihoak eskainita.

2013-2016 aldirako Plan Estrategikoak EiTB berriro pentsatzera bultzatzen du, haren egiturek eta kontzeptuak, 1980ko hamarkadakoak izan ordez, egungo erronkei aurre egin diezaieten. Aldaketak egin beharra dago, oso handiak horietako batzuk. Garaiei aurrea hartu behar diegu, eta bi erreferentzia ditugu egun, irrati-telebista publiko aurreratu eta multimediaren ikuspegitik. Erreferentzia interesgarri bat BBC Scotland/Alba da, multimedia-ikuspegi originala duena eta benetan jakingarria dena; study case bat unibertsitate eta masterretan. Bestea, gaur egungo BBC multimedia da. Gaur egun ez dago erreferente hoberik EiTBk izan nahi duenarentzat. Ilusioa dugu. Proiektu bat dugu. Horrelakoak gara hemen.

Maite Iturbe, EiTBko zuzendari nagusia

Andoni Aranburu, Estrategia eta Komunikazioko zuzendaria

Jesus Elguezabal, zuzendari kudeatzailea

Odile Kruzeta, EiTB Irratiko zuzendaria

Pello Sarasola, Euskal Telebistako zuzendaria