Itxi

EITB TALDEA

AUDIENTZIA

Marka historikoa eitb.com-en, 100.000 erabiltzailetik gora egunero

L.S.

EiTB

OJD Interactiva enpresak egindako ikuskaritzaren arabera, maiatzean EiTBren webguneak 119.000 erabiltzaile bakar izan zituen batez beste, guztira 2.690.000.

Euskal Irrati Telebista komunikazio-talde publikoaren webguneak bere audientzia-marka historikoa hautsi du maiatzean. 100.000 erabiltzaile bakarren batez bestekoa gainditu du lehendabiziko aldiz, OJD Interactivaren datuen arabera.

Aste honetan argitaratu den aktako datuek adierazten dutenez, aurreko hilean eitb.com-era sartu ziren erabiltzaile bakarren eguneroko batez besteko zehatza 119.603koa izan zen. Datu hori aurreko batez besteko onena baino askoz altuagoa da (85.877); hain zuzen ere, orain dela urtebete lortutakoa, 2013ko maiatzean.

Hileko zenbaki absolutuei erreparatuz gero, 2.690.019 nabigatzaile bakar erregistratu ziren joan zen hilabetean. Orain arteko daturik onena 1.786.380koa zen; aurreko urteko hil berean eskuratutako kopurua, hain justu.

Italiako Giroa eta Nahieran

Italiako Giroaren webgune berezia eitb.com osoan erabiltzaile gehien jaso zituen orria izan zen (347.325); bere audientzia hirukoiztu zuen. Bigarren orri ikusiena Kirolak Zuzenean izenekoa izan zen (198.447), streaming bidezko online emisioak ematen dituena.

Nairo Quintana, 2014ko Giroaren irabazlea

Italiako txirrindulari-probari dagokionez, kontsumitutako edukien kopurua harrigarria izan da, bai Internetez egindako zuzeneko emisioan, bai webgune berezian aurki zitezkeen eduki gehigarrietan (laburpenak, etapen profilak, kronikak, argazkiak, etab.).

Aparteko aipamena merezi du Nahieran atalak, telebistako edukiak Internet bidez ikusteko EiTBren zerbitzuak, horrek ere audientzia hirukoiztu duelako. Martxan jarri zenetik, ia-ia hilero areagotu da bere erabilera, eta 100.000 erabiltzaile baino gehiago izatera heldu da.

Hori gutxi balitz, maiatzean 355.790 erabiltzaile bakarrek, batez ere, Giroko etapak, zuzenean zein grabatuta, eta 'El Conquistador del fin del mundo' saioko programak eta eztabaidak kontsumitu dituzte. Hori horrela izanik, eta beste programa eta albistegietako unerik onenak biltzen dituzten bideoen kontsumoa gehitzen bazaio, argi geratu da, beste behin ere, bideoa dela eitb-com-en gehien ikusten den eduki-mota.

Eneko van Horenbeke, 'Conquistador del fin del mundo' saioko hamargarren edizioaren irabazlea

'Conquis' eta Europako hauteskundeak

Entretenimenduaren alorrean, 'El Conquistador del fin del mundo' saioaren hamargarren edizioko azken txanpak piztu du arreta gehien.

Programa horrek webgunean erdietsitako audientzia orain arteko altuena izan da, baita webgunean bertan eta sare sozialetan izandako parte-hartzea ere. Hartara, #elconquis Trending Topic (edukirik txiotuena) izan da programa guztietan, Twitterrek Estaturako egiten duen neurketaren arabera.

Europako hauteskundeetako emaitzak

Informazioari dagokionez, Europako hauteskundeak izan dira edukirik jarraituena, bereziki hauteskunde gauean; herriz herriko emaitzak ere interesgune izan dira, 50.000 erabiltzaile sartu baitziren beroriek ikustera.