Itxi

EITB TALDEA

auditoria

160.000 erabiltzaile bakar egunean eitb.eus-en, audientzia marka berria

eitb.eus

OJD Interactiva enpresak emandako datuen arabera, Euskal Irrati Telebistaren albiste eta entretenimendu atariak marka egin zuen maiatzean, 3,5 milioi erabiltzaile bakar baino gehiagorekin.

  • Mikel Landa aurtengo Italiako Giroan. Argazkia: EFE

    Mikel Landa aurtengo Italiako Giroan. Argazkia: EFE

EiTB (Euskal Irrati Telebista) taldearen webguneak bere historiako audientzia daturik onena erdietsi zuen joan den maiatzean bigarren hilabetez jarraian: batez beste 160.000 erabiltzaile bakar egunean, OJD Interactiva zabalkundea neurtzeko bulegoak emandako datuen arabera.

Zehazki, 3.571.566 erabiltzaile bakar izan zituen eitb.eus-ek maiatzean, egunean 160.670 batez beste. Hala dio hilero dozenaka webgunetako audientziak neurtzen dituen auditoriak.

Emaitza horiei esker, EiTBren webguneak azkeneko marka ondu du, hilabete lehenago (apirila) lortutakoa, hain zuzen ere. Aurreko hilean 132.000 erabiltzaile bakar ziren, eta hilean ia hiru milioi.

eitb.eus-en audientziak goranzko joera nabarmena du, izan ere, 2017ko lehenengo bost hilabeteetan 2016an baino % 25 erabiltzaile bakar gehiago zenbatu dituzte, eta aurreko urtea izan zen orain arteko onena.

Albisteak, Conquis, Italiako Giroa eta Alavesen Kopako finala

Arrakasta handiena izan duten edukiak albisteak izan dira berriro. Euskal Herriko aktualitateaz gain, Whatsappek maiatzaren 3an mundu mailan izan zuen arazoak jende asko erakarri zuen. Fidget spinner modako jostailuak ere jende andanaren interesa piztu du.

Nazioarte mailan, Venezuelako gertakariek arreta handia erakarri dute, baita zientziarekin eta teknologiarekin lotutako albisteek ere.

Telebistan, El Conquistador del Caribe-ren azken saioek eta finalak audientzia handia izan dute, eta aurtengo edizioa izan da Internetez gehien jarraitu dena, milioi erditik gora erabiltzaile bakarrekin. Aurreko edizioak baino % 30 audientzia hobea izan du.

Kirolen arloan, maiatzean arrakasta handiena izan duena Italiako Giroa izan da, apirilean Euskal Herriko Itzuliarekin gertatu zen moduan. Internetez zuzenean jarraitu ahal izan da lasterketa, eguneko etapa osorik ikus zitekeen EiTB Nahieran-en, profilak kontsultatu, kronikak irakurri eta une onenen bideoak ikusi.

Kirol aktualitateko momentu garrantzitsuenetakoa Alavesek eskaini digu, historian jokatu duen lehenengo Kopako finalarekin. Arabar ugari bertaratu zen eta gure gogoan geratuko da kalejira Madrilgo kaleetan zehar.

Irratiaren kasuan, taldeko irratien (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika) zuzeneko emanaldia Internetez jarraitu dute milaka lagunek bai webgunean, bai EiTB App-n eta Gaztea App-n.

Hiru3 haurrentzako atariaren audientzia % 50 igo da ia aurreko urtearen aldean, eta erabiltzaile askok jaitsi dute Hiru3 App-a.