Itxi

EITB TALDEA

Inkestaren emaitza

Erabiltzaileek oso nota ona eman diote eitb.eus atariari

eitb.eus

Internautek 10etik 7,55 eman diote webguneari, eta Ainhoa Hormaetxe Zarraga izan da phabletaren irabazlea

  • Ainhoa Hormaetxe, phabletaren irabazlea. Argazkia: eitb.eus

    Ainhoa Hormaetxe, phabletaren irabazlea. Argazkia: eitb.eus

eitb.eus atariak "oso ongi" bat lortu du urtarrilean erabiltzaileen artean egindako inkestan. Hain zuzen, 10etik 7,55eko nota eman diote, eta iaz baino hamarren bat gehiago eskuratu du. Gora egin du 2017an eta 2018an notarik onena lortu duen adierazleak ere, profesionaltasunak, batez beste 7,78 jarri baitiote. Gertutasunak bigarren notarik altuena izan du aurten ere (7,61) eta oso hurbil geratu dira irismena eta modernitatea (7,5). Hamarren batzuk gutxiago eskuratu dituzte berrikuntza eta objektibotasuna adierazleek (7,28 eta 7,24, hurrenez hurren).

Erabiltzaile gehienak zuzenean iristen dira eitb.eus-era, nabigatzailean URLa zuzenean idatzita, baina asko dira EiTBko edukiak ikusten dituztenak bilatzaileak (Google, esate baterako), beste web orri batzuetako estekak, edo Sare Sozialak (Facebook eta Twitter, besteak beste) erabiliz. Gainera, hamar erabiltzailetik batentzat eitb.eus da bere hasiera orria.

Bigarren urtez, sakelakoa baliatzen dute gehien erabiltzaileek eitb.eus-eko edukiak ikusteko, eta ordenagailu eramangarriak eta mahaigaineko ordenagailuak daude atzetik. Tableten erabilera, berriz, erdira jaitsi da: 2016an, erabiltzaileen % 24k ikusten zuten eitb.eus horiek erabiliz, eta erabiltzaileen % 12 baino ez dira izan 2017an.

Esanguratsua da inkesta bete dutenen % 80k maiz bisitatzen dutela eitb.eus astean. Izan ere, horien % 40k esan dute "egunero edo ia egunero" sartzen direla eitb.eus-en, eta beste horrenbeste dira "astean bitan edo hirutan" sartzen direla esan dutenak. Bisitaren iraupena "bost minutu eta ordu erdi artekoa" da kasurik gehienetan, erabiltzaileen % 43k eman baitu erantzun hori. "Ordu erdi eta ordubete artean" egoten da eitb.eus-en hirutik bat, eta "ordubete baino gehiago", bostetik bat.

Atariarekiko gogobetetasunari buruz galdetuta, erabiltzaileek edukien interesa nabarmendu dute, eta 10etik 7,89 puntu eman dizkiote. Informazioaren argitasunak ere "oso ongi" lortu du (7,80), baita nabigazioaren azkartasunak (7,60) eta diseinuak eta aurkezpenak (7,46) ere. Azken postuan, publizitatea dago: 6,16 puntu eman dizkiote.

Albisteak irakurtzen dituzte bereziki internautek, hirutik batek, eta erdiek telebistako saioak hautatzen dituzte. Lautik batek kirolak eta kultura alorreko edukiak kontsumitzen ditu, eta bostetik batek, irratikoak. Zuzenekoak eta Gazteako edukiek, berriz, % 15eko onespena lortu dute. Albisteak dira, hain zuzen, internautek hobekien baloratzen dituzten edukiak, eta 10etik 7,90eko puntuazioa eman diete. "Oso ongi" jaso dute Telebista (7,24) eta Kultura (7,02) alorrek ere, eta Irratia eta Kirolak atariak maila horretatik gertu geratu dira. Izan ere, 6,98 eta 6,84ko nota eman diete. "Ongi" eskuratu dute zuzeneko emankizunek (6,43) eta Gazteak (6,33), eta 5,5, berriz, Hiru3k eta blogek.

Amaitzeko, EiTB Nahieran zerbitzuak 7,28ko nota eskuratu duela azpimarratu behar da, eta askok, internauten erdiek, telebista saioak ikusteko baliatzen dutela. Lautik batek aktualitateko programak ikusteko erabiltzen du zerbitzua, eta bostetik batek emanaldi bereziak ikusteko. Atzetik (% 17 eta % 16 artean) dituzte dokumentalek eta kirol eta kultur saioek.

Inkesta urtarrilean egin da eitb.eus atarian, eta 4.738 lagunek hartu dute parte. Ainhoa Hormaetxe Zarraga mungiarrak irabazi du inkesta egin duten erabiltzaileen artean zozkatu den phableta.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB