Itxi

EITB TALDEA

Haur migranteak

Haur migranteei buruzko erreportaje sorta, EiTBko hedabideetan

EiTB

Adingabeko hauek Euskadira etortzea zerk bultzatzen dituen jakin nahi izan du EiTBk, eta erreportaje sorta abiatuko du irrati, telebista eta eitb.eus-en.

  • Haur migranteei buruzko erreportaje sortako irudia

    Haur migranteei buruzko erreportaje sortako irudia. Argazkia: EiTB

Aste honetan, haur migranteei buruzko erreportajeak izango dira ikusgai eta entzungai ETBn, Euskadi Irratian,Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en. Erreportajeetan ez ezik, gaia aktualitate tarteetan ere jorratuko da.

Migratzen duten adin txikikoen etorrerak nabarmen egin du gora azken urteetan. Espainian dauden atzerriko adingabekoen % 10,8ren tutela Euskadik zuen bere gain 2017an, eta 2018an 1.000 inguru zeuden bertan, Save the Children erakundearen arabera. Ingurumen horretan eta ehuneko handi bat Euskadira iristen dela ikusita (adin txikiko gehienak marokoarrak dira) bertara etortzera zerk bultzatzen dituen jakin nahi izan du EiTBk.

'Ur Handitan': 'Ametsetik esnatzen'

Hasteko, asteartean, 'Ur Handitan' saioan (22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en), 18 urte bete bezain laster, adin txikikoen zentroak utzi eta inoren babesik gabe kalean bizitzera behartuta bere burua ikusten duten gazte Afrikarrekin egongo dira. Yus Nacer-ek ez du kalean lorik egin, baina 18 urte bete zituenean bizitakoak bizitzako momenturik gogorrenak bezala gogoratzen ditu. Kamioi baten azpian gordeta iritsi zen Europara. 13 urte zituen eta zortzi urte igaro dira ordutik. Gizartean zabaldutako iritziaren kontra, EiTBri kontatu dio ez duela inoiz laguntza ekonomikorik jaso. Babesa bai, baina dirurik ez.

Herri ekinaldiak ezinbestekoak dira gazte hauen ongizatea bermatzeko. Horietako bat da Urduñakoa. Adin txikikoen zentroan bizi ziren lauzpabost gaztek hirian bizimodu berri bati ekiteko aukera izan dute herritar talde baten babespean. Bertatik bertara ezagutuko dute Urduñako herri ekinaldia 'Ur Handitan' saioan.

Abdelilah Essaid eta haren anaia Yassine kalean bizi dira. Abdelilah-k adin txikikoa zela utzi zuen Maroko, bizitza hobe baten bila. Ondoren, anaia animatu zuen Maroko uztera. Zubi azpian lo egin arren ere, bere herrian baino etorkizun hobea izan dezaketela sinetsita daude Essaid anaiak.

Irati Jakak maitasunez hitz egiten du Abdelilahri buruz. Gaztearen irria, kemena eta indarra miresten ditu erizain gipuzkoar honek. Boluntario lanetara ohitua dago, eta gazte etorkinei laguntzea da orain bere helburua. Ez du hutsik egiten Bilboko Kirruli tabernan astean behin antolatzen dituzten gazte meriendetara.

Fontxo Cantera Barakaldoko bizilaguna da. Melillara egin zuen bidaia batek bere bizitza betiko markatu zuen, eta, ordutik, bere hiriko kaleetan bizi diren gazte etorkinei laguntzen die. Kristina bikotearekin batera, euren etxeko ateak zabaldu dituzte, eta, dagoeneko, bost gazte marokoarri lo egiteko tokia eskaini diete. Gaur egun, Ashraf beraiekin bizi da.

Aya Zouhair-k 20 urte ditu. 17 urterekin, familia agurtu, Tetuan atzean utzi, eta penintsularako bidaia hasi zuen, ahizpa bikiarekin batera; ametsez beteta zetorren. Aurkitutakoa, ordea, ez zuen bere ametsetan aurreikusi: kalea, arrazakeria, beldurra, bakardadea. Gaur egun, denbora baterako bada ere, logela bat aurkitu diote. Haurdun dago eta mutiko baten ama izango da laster.

Marokon, Melillan eta Andaluzian izan da EiTB

EiTBko bi kazetari, Itziar Benede eta Aitor Perez, Marokora, Melillara eta Andaluziara joan dira, bertatik bertara bakarrik dauden adin txikiko migratzaileen egoera zein den ezagutzeko.

Marokon, Tangerren eta Larachen izan dira. Handik ateratzen dira penintsularantz doazen hainbat eta hainbat patera. Kamioietan sartzen ere saiatzen dira adingabekoak, hau da, lurreko muga ere erabiltzen dute. Kalean dauden adin txikikoekin, migrazioa egin duten familiekin, euren egoera aspalditik aztertzen duten adituekin, bidaiaren arriskuaz prebentzioa egiten duten elkarteekin, beste gobernuz kanpoko erakunde batzuekin, eta Marokoko gobernuko kide batekin elkarrizketak egiteko aukera izan du EiTBko lantaldeak.

Ceuta eta Melilla dira Europan sartzeko beste ate bat. Melillan La Purisima adin txikikoen zentroa dago, eta gainezka dagoenez, hainbatek alde egin eta kalean amaitzen dute. Europan sartzeko zain dauden gaztetxoekin hitz egiteko aukera ere izan dute EiTBko kazetariek, baita eurei laguntzen dabilen gobernuz kanpoko erakundeekin ere.

Andaluzia izan da bidaiaren beste zati garrantzitsua: 30 urte daramate fenomeno honekin, baina oraindik ere emergentziazko erantzuna ematen da, batik bat. Azpimarratzekoa da, kasu honetan ere bertara iristen direnen kopuruak nabarmen egin duela gora. Algecirasen, Tarifan eta Jerezen egon dira kazetariak, bertan egoera zein den ikusteko. Herritarren sareak sortu dira erakundeak iristen ez diren beharretan laguntzeko.

Itziar Benedek egindako erreportaje sorta asteazkenetik igandera ETBko albistegietan, 'Gaur Egun'en eta 'Teleberri'n, izango da ikusgai; Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian, berriz, Aitor Perezek landutakoak izango dira entzungai, 08:00etan eta 13:00etan. Halaber, eitb.eus atarian, erreportaje guztiak jasotzeaz gain, kazetariek bizi izandakoak eta eduki osagarriak argitaratuko dira, besteak beste bideoak eta argazkiak.