Itxi

EITB TALDEA

Gaztea

Hainbat kontzertutara joateko gonbidapena egingo du Gazteak 30. urteurrenean

EiTB

Martxoaren 20 eta 21ean, Mafaldak Iruñean, Acid Arabek Biarritzen, Izarok Donostian, Zetak taldeak Gasteizen eta ETSk Bilbon emango dituzten kontzertuetara joateko gonbidapenak banatuko ditu Gazteak.

  • "Gaztea Errepidean" kamioi ibiltaria Tolosako inauterietan.

    "Gaztea Errepidean" kamioi ibiltaria Tolosako inauterietan. Argazkia: Gaztea.

Martxoaren 21ean Gazteak 30 urte beteko ditu, eta urtemuga borobila bere jarraitzaile guztiekin ospatu nahi du. "Asteburuan musika gure kontu!" esan die irrati eta sare sozialetako bere jarraitzaileei. Hartara, martxoaren 20an eta 21ean euskal areto ezagunetan izango diren kontzertuetara joateko gonbidapenak banatuko ditu.

Iruña Rock jaialdian Mafaldaren kontzertua izango da martxoaren 20an Navarra Arenan eta Biarritzeko Atabal aretoan, berriz, Acid Arabek joko du. Martxoaren 21ean, Donostiako Kursaalen Izaro, Gasteizko Jimmy Jazzen Zetak eta Bilboko Stage Live aretoan En Tol Sarmiento arituko dira. Emanaldi horien guztien babesle da Gaztea, eta zuzeneko musikarekin urtemuga ospatzea bururatu zaio. Gonbidapenak eskuratzeko jarraibide eta informazio guztia Gaztearen webgunean jarriko dute aurki.

Gure kontu da urteurreneko leloa. "Aurten musika, festa, kontzertuak… dena gure kontu izango da, 30 urte ez baitira egunero betetzen", diote irratian, eta horixe da, hain zuzen ere, Gaztearen asmoa: urtean zehar antolatuko dituen ekitaldietara Gaztea zaleak gonbidatzea.

Ekimen horien guztien berri apurka-apurka ematen ari da EiTBko irratia. Hitzordu garrantzitsuak izango dira behar bezala urtemuga ospatzeko.

Dagoeneko irratiko programazioan abian jarri dituzte hainbat saio berezi urtemugaren karietara: 2010-2020ko hamarkadei buruzko laburpena egiten ari dira podcast-en bidez, esaterako. Halaber, inauterietan ekin dio Gaztea Errepidean ekimenak denboraldiari, eta arrakasta handia lortu du Gasteiz, Donostia eta Tolosa musikaz betez. Gazteako kamioi ibiltaria Euskal Herrian barna ibiliko da urte honetan musika jarriz.

Martxan dago, halaber, Maketa Lehiaketaren 29. edizioa Euskal Herriko talde eta bakarlari onenen bila.