Itxi

EITB TALDEA

Bidebarrieta Kulturgunea

Dani Alvarez eta Mikel Reparaz Brexitaren inguruan hizketan, asteartean, Bilbon

EITB Media

Joan den apirilean abian jarritako gaur egungo gaiei buruzko topaketetan hartuko dute parte John Carlin idazle eta kazetariarekin batera, 19:00etan, Bidebarrietako liburutegian.

  • "Reino Des-Unido. El Brexit y sus consecuencias" hitzaldiaren irudia

    "Reino Des-Unido. El Brexit y sus consecuencias" hitzaldiaren irudia. Bidebarrieta Kulturgunea.

Astearte honetan, maiatzak 25, Dani Alvarez eta Mikel Reparaz Bilboko Bidebarrietako liburutegian izango dira Brexitaren inguruan hizketan, John Carlin idazle eta kazetariarekin batera. EITBko bi kazetariak Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunea espazioak antolatutako gaur egungo gaiei buruzko topaketa zikloaren kolaboratzaileak dira. Apirilean Estatu Batuetan armak edukitzearen inguruan dagoen gatazka izan zuten aztergai. Oraingo honetan, Reino des-unido el Brexit y sus consecuencias gaia hartuko dute hizpide. 

Hitzordua Bidebarrietako liburutegiko hitzaldi aretoan izango da, 19:00etan. Sarrera librea da, aretoa bete arte, baina ezinbestekoa da gonbidapena eskuratzea. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da ekitaldia www.kulturguneatb.eus web orrian. 

John Carlinek (Londres, 1956) hizkuntza eta literatura ikasi zituen Oxfordeko Unibertsitatean, baina kazetaritzarekiko bokazioa izan du beti. 1981 hasi zen kazetari lanetan Buenos Aires Herald egunkarirako eta ordudanik BBC, The Times eta The Independent hedabideen korrespontsala izan da Mexikon, El Salvadorren, Hegoafrikan eta Estatu Batuetan. Hainbat liburu idatzi ditu: hala nola, Heroica tierra cruel (2004), Los ángeles blancos (2004), El factor humano (2009) eta Rafa (2011), Rafael Nadal tenislariarekin batera. Gaur egun, El País egunkarian egiten du lan eta kolaboratzailea da The Observer eta The New York Times-erako. El factor humano liburua betseller izatera iritsi zen eta Clint Eastwoodek zinemara eraman zuen Invictus filmaren bitartez. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Ortega y Gasset eta Juan José Castillo kazetaritza sariak, British Press Award, Artearen eta Kirol Zientzien Sari Nazionala eta urteko kirol liburu onenaren Bancarella saria (Italia).  

Dani Álvarez Radio Euskadiko Albistegi burua da eta "Crónica de Euskadi" eguerdiko albistegia gidatzen du astelehenetik ostiralera. Aurretik, goizeko "Boulevard" saioa zuzendu eta gidatu zuen ia 11 urtez, eta ETB2ko "El Sabor del Crimen" eta "El Lector de Huesos" saioak aurkeztu ditu ETB2n. 

Mikel Reparaz nazioarteko informazioan espezializatutako kazetaria da eta gaur egun ETBko albistegietako Nazioarteko arduraduna da. Aurretik, Bruselan korrespontsal izan zen eta EITBren bidali berezia lau kontinentetako hauteskunde, gatazka eta bake-prozesuetan. Euskal Herrira itzuli aurretik, Estatu Batuetako berriemaile izan zen eta orduko bizipenak Las grietas de América liburuan bildu ditu. 

Aktualitatea du ardatz Bidebarrieta Kulturguneko topaketa-ziklo honek. Puri-purian dauden gaiez hausnartzen dute, adituen laguntzaz, sakoneko jakintzatik, dibulgaziotik eta zorroztasunez, baina akademizismoan erori gabe.