Itxi

EITB TALDEA

Gaztea

Gatiburen bideoklip berriaren estreinaldi esklusiboa, Gaztean

EITB Media

Gazteak Gernika-Lumoko Astra aretoan antolatu duen ekitaldi berezia zuzenean izango da ikusgai webgunean, Instagramen eta Youtuben, ostegun honetan, 19:00etatik aurrera.

  • Gatiburen Gazteao 30. urteurreneko kontzertuetan.

    Gatiburen Gazteao 30. urteurreneko kontzertuetan. Irudia: EITB Media

Gazteak Gatiburen bideoklip berriaren estreinaldi esklusiboa eskainiko du ostegun honetan, maiatzaren 27an, eta horretarako, ekitaldi berezia antolatu du Gernika-Lumoko Astra sorkuntza lantokian, 19:00etatik aurrera.

Lehenik eta behin, Ainhoa Urretabizkaia kazetariak Gatibuko taldekideekin izango duen solasaldia izango da ikusgai, eta ondoren, zuzenekoa eskainiko dute. Solasaldiaren eta zuzeneko emanaldiaren ondoren, bideoklip berria estreinatuko dute esklusiban. Ekitaldi osoa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da webgunean, Instagramen eta Youtuben.

Eduki propioak kanal ezberdinetan

Esperimentatu, gauza berriak egin eta musika eta entretenimendua kontatzeko modu berriak urratzeko bidean, kanal ezberdinetarako eduki propioak garatzen ditu Gazteak, sare sozialetarako eta sortu berri duen Youtube kanalerako, besteak beste.

Gaztearen eduki eskaintza zabala dago ikusgai Youtuben, horien artean, Euskal Herriko musika eszenako talde eta abeslarien zuzeneko akustikoak edota "B Aldea" saioko Behekaldea atala. Halaber, aipagarriak dira Challenge, Kantupedia, Gaztea Translate edota Zita Zitala, gonbidatu bereziak protagonista hartuta sortzen diren eduki berezi eta dibertigarriak.

Gaztearen Youtube kanala maiatza hasieran jarri zen martxan, nahiz eta aurretik Gaztearen ikus-entzunezko eduki eta bideoak EITBren Youtube kanalean ikusgai egon.  Estreinaldirako, Ainhoa Vitoriak eta Xabin Fernandezek gidatuta, "Kophenague" saioaren eduki berezia prestatu zuten: Kai Nakai eta Chill Mafiako Kilikili Freskoren arteko norgehiagoka. Biek Twitterren izandako beef-a Gazteako ringera eraman zuten eta hiru round edo bideo ezberdinetan aritu ziren bi protagonistak aurrez aurre.

Gaur egun, Internet eta sare sozialak dira gazteak dauden tokia, eta haiengana hurbiltzeko eduki bereziak eskaini eta irrati bisuala garatzeko bidea hartu du Gazteak, entzuleen arteko lidergoari eutsi eta irratia kontsumitzeko beste bide batzuetara egokitzeko erronkari aurre eginez.