Itxi

EITB TALDEA

Hirugarren edizioa

Unitalent-EITB sariak esleitu ditu EITBk, gazteen ikus-entzunezko talentua sustatuz

EITB Media

Ordaindutako prestakuntza-beka gisa gauzatzen dira sariak, eta unibertsitateko talentua bereganatzen eta sustatzen saiatzen dira, hautatutako ikasleak talde profesionaletan integratuz.

  • UniTalent-EITB Sariak.

    UniTalent-EITB Sariak. Imagen: EITB Media

EITBk UniTalent-EITB sariak esleitu ditu eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko bederatzi ikasle izan dira irabazleak. Ander Elordui Somarriba, Ane Martinez Juez, Ane Zugaza Goienetxea, Julen Arbe Martiarena, Lierni Blanco Hernández, Martxel Larraza Indaburu, Sara Iriarte Lasa, Sara Vozmediano Vicente eta Xabier Martinez Ortiz de Pinedo ikasleek jasoko dute sorkuntzarako eta prestakuntzarako aukera hau, EITBk euskal talentu gazteen identifikazioaren eta garapenaren alde martxan jarri dituen UniTalent-EITB sariei esker. 

Euskal unibertsitateetako Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Komunikazioa graduetako 45 ikaslek parte hartu dute, eta guztira 71 proiektu aurkeztu dira, oinarrietan zehaztutako hiru kategoria edo generoei dagozkienak: entretenimendua, fikzioa eta factual edo dokumentalak. Epaimahairen arabera "ez da erraza izan bederatzi sarituak aukeratzea, izan ere, proiektu eta ikasle asko aurkezteaz gain, askoren gaitasuna ikus daiteke aurkezturiko proiektu eta bideo-pitchingak aztertu ondoren. Gainera, hainbat ikasle genero batean baino gehiagotan nabarmendu dira".

Eskarmentu handiko EITBko profesionalek osatutako epaimahaiak erabaki ditu proiektu irabazleak, horien artean honako hauek: Itziar Azpeitia, EITBko Proiektu Berezietako arloburua; Gorka García, ETBko Programa eta Arte zuzendaria; Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendaria; eta Jon Lamarka, EITB Lab-eko zuzendaria. Haien iritziz, "aurtengo edizioan jasotako lanen maila oso altua izan da eta ikasle gazteek ikus-entzunezko sorkuntzarako gaitasun handia erakutsi dute".

2018. urtean sortu ziren UniTalent sariak eta EITBk zerbitzu publikoko erakunde gisa duen funtsari erantzuten diote. Alde batetik, unibertsitateekin, ikus-entzunezkoen euskal sektorearekin eta gazteekin duen konpromisoa sendotzen dute. Bestetik, EITBren jarduera-eremuarekin lotutako arloetan talentua identifikatzen, sustatzen eta garatzen laguntzen dute. 

Ekimena bi ikasturtetan zehar gauzatzen da. Lehen ikasturtean, proiektuen prestakuntza, aurkezpena eta aukeraketa gauzatzen da; eta hurrengo urtean, sarituek talde profesionaletan integratzeko aukera izango dute ordaindutako prestakuntza beken bidez.

EITBren ekimen honek unibertsitatearen alorreko prestakuntza eta formazio zehatza uztartzen ditu, saritutako ikasleak sektore profesionalean murgildu daitezen. Prozesu osoa elkarlanean egiten dute EITBk, unibertsitateak eta ekoiztetxeek. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta ikus-entzunezkoen euskal sektoreko hainbat enpresak parte hartzen dute egitasmo honetan.

UniTalent-EITB sarien helburua telebistako programen edo formatuen proiektuen diseinua eta garapena sustatzea da. Ordaindutako prestakuntza-beka gisa gauzatzen dira sariak, eta unibertsitateko talentua bereganatzen eta sustatzen saiatzen dira, hautatutako ikasleak talde profesionaletan integratuz. Horri esker, hainbat motatako telebista-saioak sortzeko eta ekoizteko prozesua bertatik bertara ezagutu dezakete, prozesu horietan zuzenean parte hartuz.

Bai inplikatutako erakundeak -unibertsitateak eta EITB-, baita saritutako ikasleak eta hauek praktiketan hartzen dituzten enpresak ere oso pozik agertu dira EITBren ekimen honen orain arteko ibilbidearekin.