Itxi

EITB TALDEA

Gaztea

Gaztearen Maketa Lehiaketak 30 urte beteko ditu aurten

EITB Media

Musikari onenen erakusleiho izateko asmoarekin 30 urteko ibilbide luzea egin du Maketa Lehiaketak Euskal Herriko musika ekosistemaren baitan zubiak eraikitzen.

  • Gaztearen Maketa Lehiaketaren irudi berria

    Gaztearen Maketa Lehiaketaren irudi berria

Pandemiaren ondorioz hainbat hilabetez atzeratu behar izan du Gazteak aurtengo Maketa Lehiaketa, baina irailetik aurrera, Euskal Herriko musikari onenen bila hasiko dira berriz ere. Aurtengo Maketa Lehiaketa gainera, edizio berezia izango da, lehiaketak 30 urte beteko dituelako.

Gazteak Euskal Herriko musika ekosisteman duen parte-hartze aktibo eta garrantzitsuaren erakusle nabarmena da Maketa Lehiaketa. Euskal Herriko musikarientzat entsegu lokaletatik irten eta oholtzara salto egiteko zubiak eraiki ditu azken 30 urte hauetan. Hartara, Maketa Lehiaketa irabazi duten talde eta abeslari askok euskal musika eszenan nabarmendu eta ibilbide musikal arrakastatsuak izan dituzte, horien artean, Berri Txarrak, EH Sukarra, Sorotan Bele, Belako eta Kerobia talde ezagunak.

Irailean zabalduko da lanak aurkezteko epea

Gazteak deialdia egiten die Euskal Herriko sortzaile eta musikari onenei euren lanak prestatzen hasteko. Irailaren 7an hasi eta urriaren 13ra arte egongo da lanak jasotzeko epea zabalik.

Edozein musika estilok balio du Maketa Lehiaketan parte hartzeko, ez baitago mugarik. Diskoetxe batekin kontraturik ez izatea da aurkezteko bete behar den baldintza bakarra.

Ondoren, ohikoa den moduan, bozketa fasea jarriko da martxan, urriaren 26tik azaroaren 3ra. Jarraian, azaroaren amaierako final handian jakingo dira irabazleen izenak.

Ohiko saririk ez da faltako aurten ere: batetik, Epaimahaiaren Saria (5.000 euro eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera); eta bestetik, Entzuleen Saria (2.500 euro dirutan) banatuko dituzte.

Euskal musikaren ekosisteman zubiak eraikiz

Gaztearen Maketa Lehiaketak 30 urteko ibilbide luzea darama bizkarrean. 1991n izan zen lehendabiziko edizioa, Gaztea irratia sortu eta urtebetera. Ordutik hona, hainbat aldaketa izan ditu eta garai berrietara egokitzen joan izan da Euskal Herriko musikari onenen leiho izateko asmoarekin.

Azken 30 urte hauetan Maketa Lehiaketa irabazi duten talde eta abeslarien artean, asko dira euskal musikaren munduan nabarmendu direnak. Hain zuzen ere, EH Sukarra eibartarrak izan ziren Maketa Lehiaketaren podiuma estreinakoz zapaldu zutenak. Hurrengo urtean, Sorotan Belek jaso zuen lekukoa, eta gerora iritsi zen PLT eta Zea Mays taldeen maketen arrakasta, 1995ean eta 1997an, hurrenez hurren.

Hasiera batean Epaimahaiaren Saria soilik banatzen zen, baina urteen joan-etorrian entzuleen ahotsak ere hartu zuen lekua Maketa Lehiaketan. Hala, 1995ean eman zen aurrenekoz bigarren sari hori, eta Latzen izan zen garaile. Urtebete geroago, 1996an, alegia, Berri Txarrak izan zen entzuleen babesa lortu zuena.

Oro har, agertokian oihartzun handia izan duten taldeak nagusitu dira 30 urteotako lehiaketetan. Aipatu ditugunak ez ezik, besteak beste, El Columpio Asesino, Seiurte, Kerobia, Lain, Enkore, Belako eta Skasti dira epaimahaikideek azken urteotan begi onez jo dituzten taldeak.

Horri esker, oholtza gainean indartsu eta arrakastatsu aritzeko aukera izan dute, bai Epaimahaiaren Saria eskuratu dutenek bai Entzuleen Saria lortu dutenek ere. Azken hauen artean, aipatzeko modukoak dira, halaber, Split 77, Delorean, Kauta eta Kometa.

Raitx musikari donostiarrak eraman zuen Epaimahaiaren Saria 2020an. Entzuleen Saria, berriz, Kilimak taldeari egokitu zitzaion.