Itxi

EITB TALDEA

FesTVal 2021

EITB albistegietako profesionalek FesTValeko sari berezia jasoko dute aurten

EITB Media

EITBk gainera, Gasteizko telebista jaialdian presentzia nabarmena izango du: datorren denboraldirako telebista apustu garrantzitsuenak aurkeztuko ditu eta ikus-entzunezko sektorearekin jardunaldi profesionalak antolatuko ditu.

  • Aurtengo FesTVal jaialdiaren kartela.

    Aurtengo FesTVal jaialdiaren kartela.

EITB aurten ere, Gasteizko FesTVal telebista jaialdiko anfitrioia izango da. Abuztuaren 31an hasi eta irailaren 5era arte ospatuko den jaialdiak telebista munduko profesional nabarmenenak bilduko ditu eta EITBk presentzia nabarmena izango du. Halaber, EITBko albistegietako profesionalek FesTValeko sari berezia jasoko dute pandemia garaian egindako lana eta informazio zorroztasunaren aldeko apustuagatik.

EITBko albistegietako profesionalei saria

FesTValek EITBko albistegi talde osoaren (irratia, telebista eta webgunea) profesionaltasuna sarituko du aurten, zuzeneko informazioaren aldeko apustu irmoagatik, erakutsitako zorroztasunagatik eta pandemiak bultzatutako egoera zailean egindako informazio-lanagatik. Gainera, audientziarekiko duten hurbiltasuna eta albiste garrantzitsuenen agertokian duten presentzia azpimarratu du jaialdiak.

Sari banaketa FesTVal jaialdiaren itxiera ekitaldian izango da; aurten Diego Losada, Ilaski Serrano eta Nieves Alvarez izango dira oholtza gainean gidari lanak egiten. Sari banaketan Euskal Telebistako profesional nabarmenak bilduko dira estatu mailako telebista kateetako ordezkaritza zabalarekin batera. Gala irailaren 4an izango da, 19:30etik aurrera, Iradier Arenan.

Sari-banaketan, Alejandro Echevarria Busqueti emango diote EITB Saria, telebistako enpresa alorrean nabarmendu den euskal profesionala eta Mediaseteko egungo presidenteari. Bilbotarra Unión de Televisiones Comerciales Asociadas (UTECA) ) eta FADen (Drogamenpekotasunaren aurkako Laguntza Fundazioaren) Hedabideen Batzordeko presidentea izan da, Deusto Business Schooleko presidenteordea eta Asturiasko Printzea Komunikazio eta Humanitate Sarien epaimahaiko kidea. Editores Asociados para la Televisión Independiente S.A. (TEVISA) enpresako presidentea ere izan zen eta Antena 3 Telebistako Administrazio Kontseiluko kidea.

EITB FesTValean

Alde batetik, datorren denboraldiko telebista apustu garrantzitsuenak aurkeztuko ditu EITBk, telebistako aurpegi ezagunenak bilduko dituen aurkezpen ekitaldian. Gainera, kalea modu ikusgarrian jantziko dute ETB1eko "Baserria" realityaren aurrestreinaldirako eta "3 Ene Kantak" haurrentzako ikuskizuna ere izango da ikusgai. Bestalde, EITBk ikus-entzunezko sektorearekin jardunaldi profesionalak antolatuko ditu.

 -          "Baserria" realityaren aurkezpena eta aurrestreinaldia, irailak 1

EITBk asteazken honetan, irailak 1, ETB1ko "Baserria" saioren bigarren denboraldia aurkeztuko du, Europa Jauregiko Olarizu aretoan, goizeko 11:00etatik aurrera. Bertan, Klaudio Landa aurkezlea eta Ion Areitio eta Amalur Arbelaitz adituek parte hartuko dute, besteak beste.

Arratsaldean, EITBk lehen atalaren aurrestreinaldia eskainiko du 19:00etan. Europa Jauregiko María de Maeztu auditorioan egingo den ekitaldian, adituak eta Klaudio Landa egongo dira, besteak beste. Ekitaldira joateko gonbidapenak, FesTValeko webgunean daude eskuragai.

Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, "Baserria" telesailaren bigarren denboraldiak baserritar onenak deitu ditu berriz ere, nekazal munduan dituzten trebetasun eta gaitasunak erakusteko. Bakoitza bere bikotekidearekin lehiatuko da, baserriko bizitzarekin eta lanarekin zerikusirik ez duen hiritarrekin alegia. Probak eta elkarbizitza funtsezkoa izango dira Klaudio Landak aurkezten duen reality dibertigarri honetan.

 -          EITBren jardunaldi profesionalak, irailak 2

FesTValeko "ProFesTVal" jardunaldien baitan, euskal ikus-entzunezko sektoreari zuzendutako EITB. Batzen gaituen geroa jardunaldi profesionala antolatu du EITBk. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak eta Ibone Bengoetxea EITB Mediako zuzendariak parte hartuko dute topaketan.

Ekitaldia datorren ostegunean, irailaren 2an izango da, 10:00etatik 11:30era, Gasteizko Europa Jauregiko Francisco de Vitoria Auditorioan. Atsedenaldiko kafearen ostean, 12:00etatik 13:30era, Jose Manuel Perez Tornero RTVEko zuzendari nagusia eta Amalia Martinez de Velasco RTVEko Edukien zuzendaria arituko dira.

 -          "3 Ene Kantak" haurrentzako ikuskizuna, irailak 2

Ostegunean, irailak 2, "3 Ene Kantak" ikuskizuna eskainiko du EITBk Gasteizko Iradier Arenan, 17:00etatik aurrera. Musika, dantza eta sorpresaz beteriko ikuskizuna izango da.

"3 Ene Kantak" telebista saioaren denboraldi berriaren nobedadeak eskainiko dituzte gainera.  Izan ere, Dagoeneko ezagunak ditugun Eneko, Urbi, Astonauta eta Satorjatorri, Argi pertsonaia eta Antxus maskota batuko zaizkie aurten. Abestiak, dantzak, esketxak, bideoklipak eta sorpresa ugari ekarriko ditu taldeak aurtengo ikasturtean ere, eta ez dira faltako umorea eta giro aparta.

 -          Udazkeneko denboraldi berriaren aurkezpena, irailak 3

Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan aurkeztuko ditu Euskal Telebistak datorren denboraldirako nobedade nagusiak, irailaren 3an, goizeko 11:00etatik aurrera. Ekitaldian, ETBko aurpegi ezagunenak bilduko dira.