Itxi

EITB TALDEA

EITBren albistegi zerbitzuak

EITBko albistegiek denboraldi berriari ekin diote, kaleko presentzia indartuz eta lidergoari eusteko lanean

EITB Media

Hasi da ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en ikasturte berria. Platoak eta irratiko estudioak kalera ateratzea izango da denboraldi honetako erronka nagusietako bat.

  • EITB Albistegiak 2021-2022.

    EITB Albistegiak 2021-2022.

Hasi da ETBko, Euskadi Irratiko, Radio Euskadiko, Radio Vitoriako eta eitb.eus-eko albistegien denboraldi berria. "Ikasturte zirraragarria eta, aldi berean, erronkaz betea datorkigu, EITBko albistegi zerbitzuok erabateko liderrak izaten jarraitu nahi baitugu", adierazi du Arantza Ruiz EITB Mediako albistegietako zuzendariak ikasturte berriaren atarian. Duela hamar urtetik hona, ETBko informatiboak audientzia buru dira, argi eta garbi. Hala, "Teleberri" eta "Gaur Egun" albistegiek % 25,9eko kuota batzea lortzen dute egunero.

"Pandemia gainditzea eta helburu sozial eta ekonomiko berriei aurre egitea espero dugu", azpimarratu du Arantza Ruizek. "Irratietako eta telebistako albistegiak kalean izango dira, inoiz baino gehiago. Hala, Euskadi Irratiaren, Radio Euskadiren eta Radio Vitoriaren programazio berrian herritarrak izango dira protagonista. Eta konpromiso horri denboran eutsiko diogu, gure albistegi eta magazin nagusiak estudioetatik ateratzeaz gain, telebistako platoak ere aterako ditugulako; "Teleberri" edo "Gaur Egun" edozein herri edo hiritan aurkitu ahal izango dugu", nabarmendu du.

EITB Albisteak 2021-2022

EITB Albisteak 2021-2022

(Ikusi argazkia osorik)

"Gainera, egiazkotasunarekin eta aniztasunarekin dugun konpromisoari eutsiko diogu, baina zorrotzak izaten ere jarraituko dugu. Izan ere, titular baten atzean argudio bat baino gehiago dago, eta plus hori datuen kazetaritzak bakarrik ematen digu", azaldu du EITB Mediako albistegietako zuzendariak. "Horregatik jarraituko dugu 'EITB DATA' gure egitasmoaren alde egiten, EITB taldearen datu-kazetaritzaren alde, alegia".

"Telebistan plato berria estreinatu dugu, pantaila ikusgarri batekin, eta baita grafismo berria ere. Radio Euskadin, berriz, sintonia berriak entzun ditugu. Informazio zehatza baina entretenigarria ere ematen jarraitzen dugu", azaldu du.

EITB Albisteak taldeak FesTVal saria jaso zuen larunbatean

FesTValek EITBko albistegi talde osoaren (irratia, telebista eta webgunea) profesionaltasuna saritu zuen larunbatean, "zuzeneko informazioaren aldeko apustu irmoagatik, zorroztasunagatik eta pandemiak bultzatutako egoera konplexuan informazio-lana egiteagatik, Euskadiko informazio-lidergoari eutsita". Gainera, audientziarekiko duen hurbiltasuna eta albistegi garrantzitsuenen agertokian duen presentzia azpimarratu zituzten.

Klima Aldaketari buruzko Glasgowko goi-bileraren jarraipena

2021 honetan, pandemiari gertutik begiratzeaz gain, etorkizuneko beste erronka batzuetan ere jarriko dute arreta informazio zerbitzuek. Hala, Klima Aldaketari buruzko Glasgowko goi-bileran izango da EITB, oso modu aktiboan.

Datorren astean, berebat, Iñaki Guridiren "Faktoria" saioko lantaldea Zaballako espetxean sartuko da azken aldiz, Euskadira transferentzia egin baino lehen.

Denboraldi hasierako argazkia

ETBko, Euskadi Irratiko, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako aurkezleak Bilboko egoitzan bildu ziren, denboraldi hasierako familia argazkia ateratzeko.

ETBko albistegietako denboraldi berrian honako hauek izango ditugu: Iban Garate eta Nerea Reparaz ("Egun On Euskadi" saioan arituko dira biak); Xabier Usabiaga ("Gaur Egun 1") eta África Baeta ("Teleberri 1"); Yerai Diaz Ikaran eta Juan Carlos Etxeberria, hurrenez hurren, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegien bigarren edizioak aurkezten. Jonan Apaolaza izango da asteburuan "Gaur Egun" albistegiaren aurkezlea, eta Xabier Ormazabal, berriz, asteburuko "Teleberria"n izango dugu aurten.

ETBko albistegietako argazkia

ETBko albistegietako argazkia

Euskadi Irratiko Iñaki Guridi ("Faktoria"), Maite Artola ("Goizak Gaur"), Oihane Perez ("Mezularia") eta Igotz Alkorta ("Goiz Kronika Asteburua") ere izan ziren talde argazkian.

Radio Euskaditik, berriz, Dani Alvarez albistegietako burua eta eguerdiko informatiboko arduraduna, Xabier Garcia Ramsden "Boulevard" saioko gidaria eta Arantza García "Ganbara"ko ahotsa izan ziren denboraldi berriaren aurkezpenean.

Radio Vitoriako Maritxu Diez ("Gaur Actualidad") eta Ismael Diez de Mendibil ("Araba Gaur 2") ere batu zitzaizkien taldera.

Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako albistegietako argazkia

Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako albistegietako argazkia