Itxi

EITB TALDEA

EITB 2030 Estrategia

Andoni Aldekoak 2030rako EITBren ildo eta helburu orokorrak aurkeztu ditu Legebiltzarrean

EITB Media

EITBko zuzendari nagusiak datozen urteetan ikus-entzunezkoen egoera berriari aurre egiteko EITBren jarduera ildo orokorrak eta proiektu zehatzak aurkeztu ditu Legebiltzarreko Kontrol Batzordean.

0:55
Andoni Aldekoa. Legebiltzarreko seinaletik ateratako irudia.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak datozen urteetan ikus-entzunezkoen egoera berriari aurre egiteko EITBren jarduera ildo orokorrak eta proiektu zehatzak aurkeztu ditu astelehen honetan Legebiltzarreko Kontrol Batzordean.

Azken asteetan, EITBren proposamen berriak aurkeztu ditu ikus-entzunezkoen taldeko zuzendaritzak, etorkizunari aurre egiteko hainbat foro sozial, kultural eta politikotan eta Europako Parlamentuan. Andoni Aldekoak oso positibotzat jo ditu topaketak, eta eskerrak eman ditu EITB 2030 Estrategia jasotzen ari den ekarpenengatik. Era berean, Eusko Legebiltzarreko taldeek egindako ekarpenak eskertu ditu, guztion artean EITBk aurrera egin dezan eta Euskadirentzat erreferentziazko ikus-entzunezko talde izaten jarrai dezan.

Batzen gaituen etorkizuna lelopean, ikus-entzunezko talde publikoaren erronka nagusiak azaldu ditu Aldekoak, azken hilabeteetan ikus-entzunezko ekosistemaren azterketa sakona eta EITBko profesional talde ezberdinen barne hausnarketa egin ostean. Kontsumo berrien eta euskarri digitalen aurrean euskal ikus-entzunezko edukien eta euskarazko edukien bermea izatea da plan honen aginduetako bat, bai eta euskal gizartearentzat informazio eta zerbitzu publikoan erreferente izatea ere. 2030 Estrategiak, halaber, EITBk gazteriarekin konektatuta egon behar duela eta mundura euskal leihoa izan behar duela lehenesten du.

EITBrentzat, orain, ikus-entzunezkoen mundua mugitzen den globaltasunaren eta digitalizazioaren testuinguruan aurrera egitera zuzendu behar da begirada. EITBk kezka komunak ditu Europako ikus-entzunezkoen esparruan, eta jakitun da plataforma amerikarren nagusitasuna gero eta handiagoa dela Europako ikus-entzunezko taldeen atomizazioaren, tokiko hedabideen desagerpenaren edo desinformazioaren aurrean. Aldekoaren esanetan, azken batean, EITBk ikuspegi berrituarekin eta garai berrietara egokituta egingo die aurre datozen urteei.

12 lehentasun, 56 ekintza-ildo eta 15 garapen-proiektu EITB 2030 Estrategian

Dokumentuak honako hauek biltzen ditu: ingurune propioaren eta Europaren ikuspegia, ikuspegiaren birdefinizioa, Europarekin lerrokatutako gure estrategiaren funtsezko elementuak eta 12 lehentasun, 56 ekintza-ildo eta 15 garapen-proiektu dituen ekintza-plana.

Lehentasunetako bat da erreferente izatea eta euskal gizartearekin konprometituta egotea Euskadi eraldatzen laguntzeko, euskal gizartearen kausetan inplikatuz.

Etorkizuneko telebista eta irratia ere lehentasunezko gaiak dira. Era berean, zerbitzu eta eduki digitalak plan estrategikoaren xedean finkatuta daude, Euskadin informazioko eta entretenimenduko euskal edukien ekoizpen eta banaketa digitala gidatzeko eta euskarri eta plataforma berrietan euskarazko produktuen eskuragarritasuna bermatzeko. Ildo horretan, lanean ari dira dagoeneko Primeran martxan jartzeko, EITBk bultzatutako plataforma, euskal eta euskarazko ikus-entzunezko eduki garrantzitsuenen biltzaile izateko asmoz sortua.

Informazioaren lidergoa, informazio plurala eta egiazkoa eskainiz, eta Euskadiko kirol-ondarea babesteko euskal kirolean erreferentea izateaz gain, datozen urteetako lehentasunen beste ardatz batzuk dira.

Gainera, sektoreko enpresak eta profesionalak hobetzen laguntzeko euskal ikus-entzunezko ekosistemarekin egindako aliantza da beste puntu nabarmenetako bat. Besteak beste, Miramon Faktoria EITB berria ikus-entzunezko ekoizpen gune handi bat izan dadin lan egingo dute.

Kudeaketa teknologikoko eredu berri batez hornitzea, alde batetik, eta etorkizuneko inbertsioa eta plangintza, bestetik, ikus-entzunezkoen munduak bizi duen etengabeko bilakaerara egokitzeko, EITB 2030 Estrategian ezarritako beste bi lehentasun dira.

Halaber, ekintza komertzialaren zeharkako konpromisoa eta baliabideak lortzea nabarmentzen dira, euskal gizarteari eskaintzen zaizkion edukiak hobetzen laguntzeko. Gainera, enpresa egiteko edo kudeaketa-eredua eguneratzeko asmoa landuko da, zerbitzu korporatiboak eta negozio-unitateak hobeto integratuta.

Lehentasun multzo horretako azkena gobernantza publikoari eta aliantzak sortzeari buruzkoa da, eta proiektua aliantzen eta nazioartekotzearen bidez indartzea lehentasunezko ekintzetako bat izango da ildo horretan.

EITB 2030 Estrategiaren esparruan Ikus-entzunezko Taldeak, Primeran plataformarekin eta ETB Miramon Faktoria berriarekin batera, abian jarri dituen proiektuetako batzuk honako hauek izango dira: euskarazko eskubideak eta ekoizpena babestea, fikzioa ekoiztea eta bikoizketa bultzatzea, irrati eta telebistako profesionalentzako makrokasting bat egitea, gardentasunaren atari berria, edo enpresaren egoitza berritzea Iruñean eta telebista-saio berriak Nafarroan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea