Itxi

EITB TALDEA

EITB Taldea

EITBk lagundutako Itxitik proiektuko film laburrak, ZINEBIn

EITB Media

2020ko itxialdiaren ikuspegia erakusten duten zazpi ikus-entzuneko lan dira. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren barruan estreinatu ostean, aurrerago, ETBn ikusgai izango dira.

  • Itxitik proiektuaren emanaldien aurkezpena.

    Itxitik proiektuaren emanaldien aurkezpena. Argazkia: ZINEBI

EITBk euskal zinemagintzarekin duen konpromisoari eutsiz, Itxitik proiektua jarri zuen abian 2020an, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin, Zineuskadirekin, Donostia Zinemaldiarekin eta ZINEBIrekin elkarlanean. Egitasmo horren bidez, Euskadiko zortzi zinemagileri film laburrak filmatzeko aukera eman zitzaien. 

Orain, ekoizpen horiek ezagutzeko unea iritsi da. Azaroaren 12tik 19ra ospatzen ari den ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian estreinatuko dira. Bi film sail ofizialean lehiatuko dira: Vatios (David Perez Sañudo) eta Kinka (Maider Oleaga). Beste bostak jendaurreko saio berezi batean eskainiko dira asteazken honetan, Sala BBK aretoan, 20:00etan: Etxean (Mikel Rueda), Hikikomori (Borja Crespo), Los días que (nunca) fueron (Kevin Iglesias eta Pedro Rivero), Serendipia (Iban del Campo) eta Tartea (Imanol Lopez de Segura). 

Proiekzio hauen berri emateko prentsaurrekoa egin da astearte honetan Azkuna Zentroan, eta bertan egon da EITBren ordezkari gisa Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria. Berarekin batera, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Aitziber Atorrasagasti Zineuskadiren ordezkariak eta Vanesa Fernández ZINEBIko zuzendariak hartu dute parte, baita Borja Crespo, Kevin Iglesias, Pedro Rivero, Iban del Campo, Imanol López de Segura eta Iñigo de la Iglesia zinemagileek ere.