Itxi

EITB TALDEA

Maketa Lehiaketa

30. Maketa Lehiaketaren finala, gaur gauean, Bilboko Kafe Antzokian

EITB Media

21:00etatik hasita, Mirua, Sara Azurza, Silitia eta Udda musikariek zuzenekoa eskainiko dute. Final osoa streaming bidez izango da ikusgai, eitb.eus-en eta Gaztearen YouTubeko kanalean.

  • Raitx taldea, 2020ko Gaztearen Maketa Lehiaketako irabazlea

    Raitx taldea, 2020ko Gaztearen Maketa Lehiaketako irabazlea. Argazkia: EITB Media

Gaur gauean egingo da Gaztearen 30. Maketa Lehiaketako final handia Bilboko Kafe Antzokian. Mirua, Sara Azurza, Silitia eta Udda taldeak eta artistak lehiatuko dira bertan, eta Julen Idigoras, Izaro Andres eta Josu Billelabeitiak osatutako epaimahaiak aurtengo irabazlea erabakiko du.

Epaimahaiak eta Gaztearen entzuleek aukeratutako lau finalistek zuzenekoak eskainiko dituzte Kafe Antzokira bertaratzen direnentzat eta etxetik ikusi nahi dutenentzat; izan ere, finala Gaztearen Youtubeko kanalean eta eitb.eus-en izango da ikusgai, streaming bidez, zuzenean.

Ainhoa Vitoriak eta Xabin Fernandezek aurkeztuko dute ekitaldia. 21:00etan hasi eta gauerdira arte iraungo du, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Finalistak

Mirua

Maitanek, Malentxok eta Mattinek osatzen dute hirukoa. Aspaldiko lagunak dira, eta auren logeletan sortu dituzte Maketa Lehiaketara aurkeztu dituzten abestiak. Ahotsa eta soinu elektronikoak uztartzen ditu talde tolosarrak.

Silitia

Xabier Barrutiak (gitarrak, baxua, bateria eta teklatua) eta Ibai Silicatok (ahotsa eta perkusioa) osatzen dute Silitia bikoa.

Rocketik, popetik eta elektronikatik edaten du taldeak, egiten duten musika sailkaezina dela dioten arren. Oro har, inprobisatzea eta dantzatzea gustatzen zaie.

Sara Azurza

Neosoul estiloa jorratzen du Sara Azurza donostiarrak. Bakarkako proiektu bat den arren, Sara ez dator bakarrik, Igone Zarate (gitarra), Iker Lauroba (pianoa), Haritz Lauroba (bateria) eta Txiki (baxua) lagun dituela arituko baita.

Udda

Aitor Armentiaren izen artistikoa da Udda. 20 urteko musikari gasteiztarrak "En las nubes" izeneko diskoa publikatu zuen 2021eko uztailean.

Sariak

Epaimahaiaren saria jasotzen duenak 5.000 euroko saria irabazi eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izango du. Entzuleen sariak, ostera, 2.500 euro emango dizkio irabazleari. Gazteako jarraitzaileek webgunean emandako botoek erabaki zuten Udda musikariarentzat izango dela aurtengo Gazte BizHitza saria. 

Gaztearen lehiaketarik ezagunenak 30 urte bete dituen honetan, gainera, garaikur berezi batekin dator: Harrobia Saria. Oso Polita diskoetxeak 4 abestiko EP bat grabatzeko aukera emango dio Maketa Lehiaketara aurkeztu den taldeetako bati. Sari horren irabazlea finalaren egunean bertan emango dute jakitera.

Musikari onenen erakusleiho 

Gazteak Euskal Herriko musika ekosisteman duen parte-hartze aktibo eta garrantzitsuaren erakusle nabarmena da Maketa Lehiaketa. Euskal Herriko musikarientzat entsegu lokaletatik irten eta oholtzara salto egiteko zubiak eraiki ditu azken 30 urte hauetan. Hartara, Maketa Lehiaketa irabazi duten talde eta abeslari askok euskal musika eszenan nabarmendu eta ibilbide musikal arrakastatsuak izan dituzte. Horien artean daude Berri Txarrak, EH Sukarra, Sorotan Bele, Belako eta Kerobia talde ezagunak. 

Hain zuzen ere, EH Sukarra eibartarrak izan ziren Maketa Lehiaketaren podiuma estreinakoz zapaldu zutenak duela 30 urte. Hartara, lehiaketaren urtemuga berezia ospatzeko, "EH Sukarra" abestiaren moldaketa egin dute Nøgen taldeko musikariek eta bideoklipa grabatu dute Gazteako hainbat aurpegi ezagunekin batera.