Itxi

EITB TALDEA

EITB Pilotaren Etxea

Eskuz Binakako Txapelketako finalaren emozioa, gaur, EITB Mediako kanaletan

EITB Media

Altuna III-Martija eta Laso-Imaz bikoteek jokatuko dute finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. EITB Pilotari Onena saria banatuko du EITBk finalaren ondoren.

0:27
Binakako pilota finala

Eskuz Binakako Txapelketako finala jokatuko dute gaur Altuna III-Martija eta Laso-Imaz bikoteek Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta bertan izango da EITB, ikuskizun handia jarraitzen eta ikusle eta entzuleei gertatzen den guztiaren berri ematen kanal eta euskarri ezberdinetan: ETB1, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus.

"ETB Kantxa" saioa 17:00etan hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Xabier Euzkitzek, Abel Barriolarekin batera, gidatuko du emanaldi berezia, eta Elena Azpeitiak protagonisten adierazpenak bilduko ditu.

2021eko Binakako Txapelketako finala

2021eko Binakako Txapelketako finalaren irudia.

Eurekin batera, EITBren profesional talde handia izango da lanean Bizkaia pilotalekuan gertatzen den guztia ikus-entzuleei xehetasun guztiekin eskaintzeko: kameralariak, laguntzaileak, argi eta soinu teknikariak, produkzioaz arduratzen direnak... Hitzordu garrantzitsuetan egin ohi duen legez, hamaika kamera erabiliko ditu ETBk emanaldia egiteko, horien artean ez ohiko irudiak eskaintzen dituen robotizatutakoa.

Lehendabizi, Elezkano II-Rezusta / Jaka-Mariezkurrena II atariko partida izango dugu ikusgai eta, ondoren, Bibitako final handia. Altuna III-Martija eta Laso-Imaz arteko norgehiagoka amaitzean, frontoitik bertatik, Jon Balenziagak gidatutako solasaldia izango da. Berarekin egongo dira neurketa aztertzen Olatz Arrizabalaga, Abel Barriola eta Pedro Mari Goikoetxea.

2021eko Binakako Txapelketako finala

2021eko Binakako Txapelketako finalaren irudia.

Bestalde, Euskadi Irratian "Hiru Erregeen Mahaia" saioak egingo dio tartea igandeko hitzordu garrantzitsuari. Kepa Iribarrek, Haritz Gallastegik eta Julian Iparragirrek kontatuko dute partida. Radio Euskadin, berriz, Mikel Bilbao kazetariak Juan Martinez de Irujo pilotari ohiekin emango du neurketaren berri "Kirolaldia" saioan. Radio Vitorian, azkenik, Juantxu Martinezek eta Emilio Pascualek jarraituko dute finala.

EITB Pilotari Onena saria jasoko du txapelketako pilotaririk onenak

Horrez gain, EITB Pilotari Onena sariaren bigarren edizioaren sari banaketa izango da Bizkaia Arenan. EITBk txapelketan zehar gailendu den pilotariari emango dio EITB Pilotari Onena saria. 

EITBren saria

EITBren saria.

Lehiaketan zehar, asteroko jarduna kontuan hartuz, pilotari onenaren sailkapena argitaratu du EITBk. Binakako Txapelketaren jardunaldi bakoitzaren ostean, EITBko pilota adituek 0tik 10era bitarteko puntuazioa eman dio pilotari bakoitzari, EITB Pilotari Onenaren sailkapena eratuz. Abel Barriolak, Mikel Idoatek, Julian Iparragirrek eta Mikel Bilbaok osatu dute epaimahaia. Halaber, eitb.eus-en erabiltzaileek ere botoa eman eta kamiseta baten zozketan parte hartzeko aukera izan dute.