Itxi

EITB TALDEA

22:15ean

San Joan gaua, Arrasatetik zuzenean gaur gauean Goienarekin aliantzan

EITB Media

Goiatz Aranak eta Imanol Artolak aurkeztuta, Arrasateko sanjoanetako ikuskizuna Goienan eta EITBn aldi berean izango da ikusgai 22:15etik aurrera.

0:21
Sanjoanak

Gaur gauean, Arrasatetik zuzenean, San Joan bezperako saio berezia eskainiko du EITBk Goiena komunikazio taldearekin aliantzan.

Imanol Artolak (ETB) eta Goiatz Aranak (Goiena TB) egingo dute emanaldiaren kontakizuna, eta Aitor Agiriano (Goiena TB) kazetaria plazan egongo da, bertan bizi den giroaren berri emateko. Gainera, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Arrasateko Erraldoi eta Kirilien konpartsako kideak elkarrizketatuko ditu, besteak beste. Horrez gain, San Joan festaren jatorria eta zergatia azaltzeko, José Ramon Vitoria "Errementari" dantzaren sortzailea izango dute gonbidatu Imanol Artolak eta Goiatz Aranak. "Sanjoanak Arrasatetik" saio berezia 22:15ean izango da ikusgai ETB1en eta Goiena Telebistan, baita EITBko eta Goienako webgune eta aplikazioetan ere.

Aliantza Goienarekin

EITBren eta TOKIKOMen arteko elkarlanaren bideari jarraitzen dio osteguneko emanaldiak. Bien arteko aliantzak hainbat proiektu sustatu ditu azken urteetan eta, azken aldiz, Korrikaren zuzeneko saio berezietan aritu dira.

Unai Iparragirre ETBko zuzendaria oso baikor agertu da. "Elkarlanean jardungo dugu EITBk eta Goienak San Joan bezperan Arrasatetik. Elkarlanak edukia asko aberasten du eta, gainera, ikus-entzulea ateratzen da irabazten. Euskal Herriari zor diogu hau", adierazi du.

Iban Aranzabal Goienako zuzendariaren hitzetan, "Goienak urteetan sinatu du kolaborazio hitzarmena EITBrekin eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak ere aliantzen premia azaldu du plan estrategikoan. Orain, hitzei edukia jartzeko momentuan gaude, eta emankizun bateratu hau horren adibide da. Arrasateko San Joan bezpera inoiz baino jende gehiagok ikusiko du".

"Sanjoanak Arrasatetik" saio berezia

Gaueko 22:15etik aurrera, San Joan suaren inguruan antolatuko diren ospakizunak eskainiko ditu saio bereziak zuzenean. Besteak beste, Ttakun Txalaparta taldearen ikuskizuna, Portaloi taldeak eskainiko dituen koplak eta Arrasate Musikaleko musika bandaren emanaldia. Herensugeek sua piztuko dute eta Maria Ubarretxena alkateak agurra dantzatu eta alpargatak sutara botako ditu. Ondoren, Lore Gazteak eta Trikitxu-Arrostaitz dantza taldeek dantzatuko dituzten errementari dantzak eskainiko dituzte. Arrasateko gaiteroek, Udalaxpe txistulari taldeak eta Arrasateko trikitixa eskolak ere parte hartuko dute ikuskizunetan.

Gainera, arratsalde partean, herriko gazteek egingo duten Makalaren igoeraren irudiak eskainiko dira, baita San Joaneko ekitaldian parte hartzen dutenen desfilea ere.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena