Itxi

EITB TALDEA

Aliantza

EITB eta Elkano Fundazioa elkarlanean, lehen mundu biraren 500. urteurreneko ekintzen artean

EITB Media

Juan Sebastian Elkano itsasgizonaren balentrian inspiratuta Xabi Solanok egindako "Bi Mundu" kantua eitb.eus-en ikusgai dago. Horrez gainera, irailaren 6an EITBk zuzenean emango du Elkanoren Lehorreratzea Getariatik eta bertatik egingo ditu albistegiak.

  • Elkanoren Lehorreratzea.

    Elkanoren Lehorreratzea.

Juan Sebastian Elkano euskal nabigatzaileak munduari egindako lehen itzulia amaitu zenetik 500 urte igaro dira. Mendeurren hori ospatzeko Elkano Fundazioak hainbat ekimen antolatu ditu eta horiei zabalkundea emateko konpromisoa du EITBk, bi erakundeen arteko aliantzari esker eta euskal kultura zaintzeko egiten duen lana aintzat hartuta.

Lehen mundu biraren 500. urteurrenean inspiratuta, Xabi Solano musikariak "Bi mundu" abestia sortu du eta eitb.eus-en entzun eta ikusteko aukera dago. Kantuaren letra Jon Garmendiarena, Txuriyarena, da eta Rafa Sardina musika ekoizleak egin ditu nahasketa.

Elkano Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren eskariz egindako kantak euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik, aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan jartzen du arreta.

Lan hau sortzeko, Solanok Cabo Verdera egin zuen bidaia, Elkanok eta gainerako eskifaiak penintsulara itzuli aurretik bertan geldialdia egin baitzuten. Horrela, kantuan bertako eta Euskal Herriko musikatresnak eta doinuak uztartzen dira.

"Bi mundu" kantuari oihartzuna emateaz gain, uda honetan euskal itsasertzetik igarotzen ari den Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturalaren jarraipena egiten ari da EITB. Euskal Herri osoak partekatzen duen itsas historiaren bitartez itsasoarekiko harremana berreskuratzea du helburu ekimenak.

Horrekin batera, irailaren 6an zuzenean eskainiko du EITBk Elkanoren Lehorreratzea Getariatik. Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zela gogorarazteko itsasgizonaren jaioterrian, lau urtetik behin egiten duten antzezpena berezia izango da aurten: batetik, jai eguna delako Euskadin, eta, bestetik, gertaera garrantzitsu hartatik 500 urte igaro direlako. Horregatik, ekitaldia zuzenean emateaz gain, ETBko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak zuzenean egingo dira bertatik, eta, eitb.eus-en, Elkano eta Magallanesen bidaiaren inguruko infografia bat argitaratuko da.