Itxi

EITB TALDEA

25. urteurrena

"Gaur Egun", "Teleberri" eta "Faktoria" Guggenheim Museotik egingo dira zuzenean asteartean

EITB Media

Bilboko Guggenheim Museoaren 25. urteurrenarekin bat eginez, bertatik eskainiko dira ETBko albistegiak eta Euskadi Irratiko goizeko saioa.

  • Gugenheim Bilbao Museoak 25 urte beteko ditu urriaren 18an

    Gugenheim Bilbao Museoak 25 urte beteko ditu urriaren 18an

Astearte honetan, Bilboko Guggenheim Museoaren 25. urteurrenarekin bat eginez,  ETB1eko "Gaur Egun" eta ETB2ko "Teleberri" albistegiak Guggenheim eraikinetik eskainiko dira zuzen-zuzenean, baita ondorengo Kirolak tarteak ere.

Xabier Usabiagak eta Africa Baetak aurkeztutako albistegiek gertutik emango dute azken 25 urteetako museoaren ibilbidearen berri, eta Guggenheim barruko toki ikusgarrienak erakutsiko dizkigute. Horrez gain, Juan Ignacio Vidarte Museoaren zuzendaria elkarrizketatuko dute "Teleberri"n.

Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioa oso-osorik egingo dute Guggenheim kanpoaldetik. Albistegietako lantaldea hasiko da goizeko 08:00etan, Iñaki Guridi buru dutela, eguneko albisteen kontakizunarekin eta analisiarekin. 10:00etan, Maider Segurolak hartuko du hitza, eta bertatik gidatuko du magazina eguerdiko ordu bata bitartean.

Gonbidatu bereziak izango dituzte: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Asier Mendizabal eta Zaloa Ipiña artistak, eta museoko bi langile: Ainhoa Sanz, kontserbazio arduraduna, eta Nerea Virto, hizkuntzen edizio lanetako teknikaria. Arte Ederretako ikasleekin bisita egingo dute museoan barrena eta Guggenheim efektua izango dute aztergai zenbait aditurekin. Horrez gain, hiriko hainbat gunetatik museoa nola ikusten den kontatuko diete entzuleei eta zuzeneko musika izango dute.

Frank Gehryren arkitektura-proiektua giltzarri izan da Bilboren eraldaketan, eta EITBk, aurreko egunetan ere, hainbat erreportaje eskaini dizkio museoaren 25 urteko ibilbideari. Halaber, astelehen honetan, Inside Guggenheim dokumentala estreinatuko da ETB2n eta eitb.eus-en, museoko langileen eguneroko jarduna erakusten duen ikus-entzunezkoa. Radio Euskadiko "Boulevard" saioa, bere aldetik, ostiralean, urriaren 14an, eskaini zuten Museotik zuzenean.