Itxi

EITB TALDEA

EITBPodkast

"Artxipelagoa"ren 2. denboraldia eta lau podcast berri, laster EITB Podkast atarian

EITB Media

2021eko apirilean abian jarri zenetik, euskarazko podcastgintzaren eskaintza zabala eta askotarikoa osatzen ari da EITBren plataforma.

  • EITBPodkast ataria.

    EITBPodkast ataria.

Urte oparoa ari da izaten 2022a EITBPodkast atariarentzat. Urtea hasi zenetik, beren-beregi sortutako hamar podcast estreinatu ditu, eta, abendura bitartean, beste lau eduki berri izango dira prest. Horrekin batera, laster "Artxipelagoa"ren bigarren denboraldia emango da argitara. Errekonozimenduak ere jaso ditu aurten EITBren audio plataformak: Ondas saria, "Lokatza"k; eta Argia saria, "Artxipelagoa"k.

'Artxipelagoa'

'Artxipelagoa'

"Artxipelagoa" serie apokaliptikoaren denboraldi berria Durangoko Azokarekin batera iritsiko da EITBPodkast atarira. Hiru olatu erraldoien osteko garaian, bizirauteko dauden arazoek sortzen dituzten gerra, indarkeria eta goseteen jarraipena bilduko ditu.

Horren aurretik, azaroan, hiru podcast estreinatuko dira: "Zapla!", Euskaraldiaren aurtengo aldiari ekiteko, belarriprest eta aho bizientzat ariketak proposatuko dituena; "Uhin Ultramoreak", zientzialari emakumezkoak behar duen lekuan jarriko dituen ekoizpena, eta "Harresi ikusezina", migrazioaren fluxuak Bidasoako ertzean eraiki duen harresi ikusezina aintzat hartzen duena. Azkenik, gabonetarako dago aurreikusita "Dodoa", Jabier Muguruzaren diskoko kantuen osagarri dena.

'Zapla!'

'Zapla!'

Bestalde, aurtengo udazkenean jokatzen ari den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren karietara, "#10garrena" podcast sorta estreinatu berri du EITBren plataformak. Final alternatiboak eskaintzen ditu ezohiko finalista eta txapeldunak irudikatuz. Abian da, halaber, "Barruan Gaude/Estamos Dentro"ren denboraldi berria. Euskarazko podcastgintzan erreferente dugu elkarrizketa intimoak eskaintzen dituen tartea. Oier Aranzabalek gidatzen du euskaraz, eta Jon Martijak, gaztelaniaz.

Podcast eskaintza zabala

"Artxipelagoa"k osatutako ibilbide arrakastatsuaren ondotik, bigarren audio-fikzio bat estreinatu zuen EITBPodkast atariak 2022 urte hasieran: "Zaldi Urdina". Artedrama, Axut! eta Dejaburen izen bereko antzezlana oinarri duen seriearen berritasunetako bat da binauralean muntatuta dagoela. Horri esker, esperientzia murgiltzailea eskaintzen du, eta bereziki aproposa da audio-kaskoekin entzuteko.

'Zaldi Urdina'

'Zaldi Urdina'

Gaztea irratiaren eskutik, hainbat proposamen iritsi zaizkigu EITBPodkastera: "Yoko Ona" solas-tartearen eta "Zulora" eztabaida saioaren bigarren denboraldiak, euskal surf kulturari buruzko "Lay Day" eta talk show formatua duen "Benetan Zabiz?". Aurreneko hirurak bideopodcastak dira, Gaztearen YouTubeko kanalerako eta webgunerako sortu dira, eta ondoren, EITBren audio plataforman entzun daitezke. "Benetan Zabiz?" denboraldi berriarekin batera dator, eta irailean estreinatutako podcast-irratsaioa da. Horretan, istorio pertsonaletatik abiatuta, gonbidatuen "sekretu ilunenak" argitara ateratzen dituzte astero Aitziber Grados eta Malen Altuna gidariek.

Haur eta gaztetxoei zuzendutako eskaintzaren barruan, "Irabazi Arte!" telesaileko bi protagonistek, Arenek eta Norak, abian jarritako podcasta dugu; euskal kirolariei egindako elkarrizketak entzun ditzakegu bertan. Horrekin batera, "Sara eta Paulen abenturak!" audio-fikzioa eta "Kuku" audio-ipuin bilduma estreinatu dira. Fikzioak Bernardo Atxaga idazlearen Logalea zeukan ekilibristaren kasua antzezlanean du oinarri, eta bizikidetza inklusiboa bultzatzea du helburu. Bilduma, bere aldetik, euskarara ekarritako nazioarteko zenbait idazleen bost ipuinek osatzen dute. Gainera, bideopodcast formatura ere egokitu dira, ilustrazio animatuekin, eta EITBren YouTube kanalean ikusi daitezke.

Ongizatearen gaia jorratzen duen solas tarte berri bat dugu EITBren audio plataforman: "Korapiloak". Iñigo Antsorregik ETB1eko "Biba Zuek!" saioan buru osasunaren inguruan egiten duen atalaren osagarri da, eta depresioa, suizidioa edo antsietatea bezalako gai zailei aurre egiteko bideak urratu nahi ditu. Bestalde, Africa Baetak gidatzen duen "Gente Bonita" podcastak bizitzari baikortasunetik begiratzeko tresnak eta moduak aztertzen ditu.

Azkenik, "Memoria Eraikiz" ikus-entzunezko proiektuarekin lotutako podcast sorta argitaratu da memoria historiakori eskainitako atalean.

2021eko apirilean sortu zen EITBPodkast plataforma, gizarteak komunikabideak baliatzeko dituen joera berriei erantzuteko, eta euskarazko podcastgintzaren erreferente izateko. EITBko irratien eskaintza nahieran, gizartearen eskura eta erraz jartzea izan da helburu nagusietako bat. Halaber, aliantzak eraikitzen ditu EITBk proiektu horrekin, euskarazko edukien biltoki izan, eta eskaintza oparoa eta askotarikoa osatzeko.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB