Itxi

EITB TALDEA

EITBPodkast

"Harresi Ikusezina" podcast berriak Irundik pasatzen diren migranteei emango die ahotsa

EITB Media

Europarako bidean Gipuzkoa zeharkatzen duten migranteen egoera jorratuko du Cristina Tapia Huici kazetariak zuzendutako dokumental sorta honek, ostegunetik aurrera (azaroak 17), EITBPodkast atarian.

  • Harresi ikusezina.

    Harresi ikusezina.

Egunero Irundik pasatzen diren migranteei ahotsa ematen dien "Harresi Ikusezina" podcasta estreinatuko du EITBPodkast atariak ostegun honetan, azaroak 17. Cristina Tapia Huici kazetariak zuzendutako lan honek, urtero, Europarako bidean Gipuzkoa zeharkatzen duten migratzaileen egoera jorratuko du. Ulu Mediak ekoiztuta, sei ataleko dokumental sorta honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sortu dute.

Azken lau urteotan, 20.000 pertsona inguru, batez ere Afrikatik etorritakoak, Irundik igaro dira Europara bidean, eta haietako zazpi, gutxienez, hil dira Bidasoa ibaia gurutzatu nahian. "Harresi Ikusezina" podcastaren helburua errealitate hori entzuleei hurbiltzea da, eta, horretarako, hainbat pertsonaren testigantzak bildu ditu: adituenak, boluntarioenak, eta, batez ere, protagonista diren migranteenak.

Dokumentalak mugaren historia errepasatu, eta hainbat gai jorratu ditu: Europak eskaintzen dituen eskubideak, kutsu arrazista duten polizia-kontrolak, Iparraldean eta Hegoaldean sortutako harrerako herri-mugimenduak, eta Irundik igaro diren, eta orain Hendaian eta Parisen bizi diren pertsonen istorioak.

"Harresi Ikusezina" podcastean honako hauek agertzen dira, besteak beste: Iker Barbero eta Rosa Arburua (EHUko irakasleak), Koldo Nagusia (Antxeta Irratiko kazetaria), Gari Garaialde eta Josune Mendigutxia (Irungo Harrera Sareko boluntarioak), Kristin Artola (Bidasoa Etorkinekin boluntarioa), Amets Arzallus (bertsolaria eta idazlea), Jean Marc Lavigne (Hendaiako apaiza), Francisco Rodriguez (abokatua), Ilona Cook eta Alice Bertrand (Parisko Utopia elkarteko boluntarioak), eta bizitza duin baten bila haien etxeak utzi zituzten Ali Akla, Idrissa Fofana, Bama Lasana eta Fadiga Barbajan.

Cristina Tapia Huicik (zuzendaritza, ekoizpena eta gidoia), Xabier eta Martin Etxeberria anaiek (gidoia), Juan G. Andresek eta Oier Aranzabalek (grabazioak, edizioa eta soinu diseinua), Silvia Tapia Huicik (itzulpenak), Bieuse elkarteak (bikoizketa), Eider Eibarrek (artea) eta Willis Drummondek (saileko sintonia) osatu dute "Harresi Ikusezina"ren taldea.

Urtarrilean gaztelaniaz ere entzun ahal izango da saila, eta oraingoz, EITBPodkast eta gainerako audio-plataformetan eskuragarri egongo da euskarazko bertsio bikoitzean: jatorrizkoa (narrazioa euskaraz eta testigantzak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez) eta bikoiztua (narrazioa euskaraz eta testigantzak euskarara bikoiztuta).